Oskorrik «The Pub Ibiltaria»ren hamahirugarren eta azken diskoa aurkeztu du
GARA | DONOSTIA
Abenduaren 20an emango dio amaiera Oskorrik «The Pub Ibiltaria» egitasmoari. 1996. urteaz geroztik egin duen modura, Santo Tomas egunaren inguruko ospakizunetan kontzertua eskainiko du Bilbon eta bertan grabatuko dute hamahirugarren zuzeneko diskoa. Guztira 226 euskal abesti ezagun bildu dituzte urte hauetan zehar egitasmo honen bidez, eta makina bat jendek parte hartu du kontzertuetan. Milaka musikari eta abeslari animatu da ekimen honetara. «Ikusleak bilakatzen dira protagonista» adierazi zuten antolatzaileek. Kontzertuaren aurretik, abestien partiturak Bizkaiko hainbat abesbatza, fanfarre eta musika elkartetan banatzen dituzte. Abestiak aurretik ikasi nahi dituen edonork ere, eskuragarri izango ditu Bilboko BBKren Kultura gelan. Kontzertua Pio Baroja enparantzako karpan izango da, arratsaldeko 19.00etatik aurrera.