Gandiagaren poesia kantatu eta goraipatu zuten atzo Mendibilek eta Irazuk
A. BILBAO | BILBO
Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatutako jardunaldietan -aurten poesiari eskainiak-, eta ohi bezala Euskaltzaindiaren egoitzan, Gandiagaren poemak kantatu zituen atzo Gontzal Mendibilek, Iñaki Irazuren iruzkinak lagun zituela.
Mendibilek ekitaldia hastear zela kontatu zigunez, 1978an ezagutu zuen Gandiaga, Durangoko Azokan. Beti izan du bere gustukoa «poeta sinbolista, lurrarekiko duen lotura hori, erraietan...». «Elorri» (1962) ahotan hartuta, Mendibilen aburuz poetaren lehen obra nagusia, «hasiera batean kritikatua izan zen, deslai zegoen, gerora euskal literaturan poesia mailan izan den ederrenetarikotzat jo izan bada ere» esan zigun. Musikari zeanuritarrak sarritan musikatu izan ditu Gandiagaren olerkiak, bere lanetan entzun daitekeenez. «Bitoriano poeta intimoa zen, barrura begirakoa, eta nik beti izan dut gustukoa hori». Poetarekin bizi izandako anekdotak ere gogoratu zituen Mendibilek, -anakoreta esaten omen zion frantziskotarrak-, eta «egiten zituen metafora eta euskara eder eta bizia» goraipatu zituen. Olerkiak kantatzeari dagokionez, «musikaltasun handiko poesiak dira», eta «laburrak dira eta joan doaz», gaineratu zuen, agian gustuko izaneran, ondo harrapatzen dituelako.
Kantaldia osatzeko, Iñaki Irazu euskara irakasle eta idazlea -«Gandiagaren irakurle bezala, ez bainaiz aditua»-, iruzkin batzuk egitekoa zen hautatutako poemei.
Egitasmoaren ideiaz mintzatu ginen Irazurekin. «Antolatzaileek egokitzat jo zuten kantua alde batetik eta hitza bestetik jarri eta elkar osatzea». Modu honetan Gandiagaren poesia «ospatu eta birgogoratu nahi genuen». Garai batean, oso kantatua izan zen Gandiaga, «Bizkaian Oskorrik, eta Gipuzkoan Oskarbik, adibidez». Honen adibide dugu «Elorri loratua» lan bikoitza ere, Gandiagaren hitzak eta makina bat musikariren partaidetza duen lana.
Arbola bat da mendatarra
Atzoko ekitaldian, kanten harian, dialogoak tartekatu zituzten, «Gandiaga berak idatziak». Elkarrizketa horietan, «Bitoriano amarekin berbetan ageri da, eta beste batean Oteizarekin. Azken honek idazteari ez uzteko esaten dio». Bukatzeko, epaitegitik deitu zioteneko elkarrizketa dago, politika egiteaz salatua. «Gandiagak epaileari arbola bat zela erantzun zion, lurrean sustraitua zena».
Bere burua lurrarekin, arbolarekin identifikatzen du Gandiagak, «oso gauza interesantea». Badaude «mundu imaginarioan aireari lotzen direnak, hegaztiei; baita itsasoari eta urari lotzen direnak ere. Beste batzuk, Gandiaga bezala, lurrari».
Aurtengo programan atzera begiratu eta zaharkitu ez diren testuak eguneratu nahi izan dituzte, oraindik orriak ematen dituzten adarrak hartu eta baliagarri egin. Eta horretarako Mirande, Gandiaga eta Aresti ekarri nahi izan zituzten programara (azkenean hirutik bi izango dira), «gerraosteko euskal literaturaren berritzaile legez», haien lanak kantatzeko.
Datorren asteazkenean, azaroak 19, Koldo Izagirre eta Joseba Tapiaren txanda, Gabriel Aresti gogoan.