GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Gorde nazazu lurpean

Dorleta URRETABIZKAIA | Aktorea eta idazlea

Victoria Eugenia. Etxetik dakusat, eta pribilegioa zena, hiriko alderdirik ederrenetakoa baita, zigor bilakatu da orain: bi izen horiek, Victoria eta Eugenia, lotzen dituen nire zorigaitzaren sinboloa».

Ramon Saizarbitoriaren eleberriak aitzakia bikaina eskaintzen dit oraingo honetan antzerkiaz hitz egin ahal izateko. Antzoki honetan, hilaren 17an estreinatu zen Tanttaka eta Albena taldeek elkarlanean sorturiko «Denboraren Museoa» antzezlanaz hitz egiteko. Aurreko astetik hasita, datorren astea bitartean, egunean izango diren hiru emanaldietan zehar, milaka eta milaka haur pasatu ahal izango dira Victoria Eugenia antzokitik euren memoriaren zatitxo bat oparitzera. Eta ez hori bakarrik, objektu kuttun bat lurperatu eta mundu guztiko haurren museo kolosala bilakatzeko aukera emango diote ama lurrari. Victoriak eta Eugeniak bat egin dute, lurrazpiko altxor museo bat sortzeko.

Eta Donostiatik, Santurtzira jauzi egingo dut, bertako XXIX. Nazioarteko Antzerki jaialdira. Joan den hilean hasitako jaialdi honetako antzokietatik talde ugari pasatu dira, baita bertakoak ere. Hala nola hilaren 25ean estreinatu zen Kanpingags taldeak ekoiztutako Peter Shafferen «Ilunpetan» antzezlana. Lan horretan, argi mozketa baten ondorioz sortzen diren egoera nahasiak azaltzen dizkigute baina benetan modu kuriosoan: agertokia argiztatuta dagoenean, aktoreek ez baitute ezer ikusterik, publikoak ordea bai, eta alderantziz. Argiaren joko horrek, egoera nahasiak, absurduak eta oso bitxiak eskaintzen ditu. Markeliñe taldea ere bertan izan dugu bikote harremanen oreka eta sexu grina berreskuratu eta indartzeko hegaztien jokabideak imitatuz asmaturiko ekialdeko teknika ornitologikoa azaltzen duen «Terapia» antzezlanarekin. Baina ez hori bakarrik, aurreko edizioan saritutako testuak taula gainean ikusteko aukera ere izaten ari gara. Tomas Afanek idatziriko «Los impresentables» eta aurreko urtean accesita jaso zuen Jokin Oregiren «Ni naiz Hektor, ni bakarrik!» antzezlana.

Hilaren amaieran, edizio honetan saritutako testuak zein diren jakinaraziko digute, eta datorren urtean ikusi ahal izango ditugun antzezlanak martxan jarriko dira.

Eta Santurtzitik, Gasteizera. Bertan, Antzerki Jaialdia baitugu aurreko hiletik. La Fura dels Baus, Animalario, Familie Flöz edota Marseillako ballet nazionala bezalakoak ikusteko aukera izateaz gain, konferentzia eta eztabaidetan parte hartzeko aukera eskaintzen diguna. Eta duela sei urte Moskuko Dubrovka antzokian «Nord-Ost» antzezlana ikusten ari ziren ikusleak eta aktoreak antzokian bahituak izan ziren bezalaxe, Gasteizko Printzipal antzokia bahitu dute La Fura dels Bausekoek «Boris Godunov» antzezlanarekin. Eta errealitatea antzokira eramatearen aberastasuna, antzerkia eta egia elkarren eskutik joatearen edertasuna, neure eginez, Ramon Saizarbitoriaren eleberria bahitu nahiko nuke, «Ser o no ser» filmean Lubitsch maisuak adierazi bezala, errealitatea eta fikzioa, Victoria eta Eugenia, umeen ametsak eta itxaropena, hilobi bateko bi bihotz direla esateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo