GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Pasaiako Udalak bere gain hartu du haur eta nerabeen babesa

Haurrak eta nerabeak babesteko eta ongi tratatzeko erakunde-konpromisoa hitzartu dute Pasaiako zinegotzi guztiek, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean bertan eta umeak protagonismo berezia izan zuten Udalbatzan. Hitzarmen honekin Udalak bere gain hartu du gaiarekiko duen erantzukizun publikoa. Horretarako udal sailen arteko lankidetza sustatuko du, sailen arteko batzorde bat eratuz. Berrikuntza hau gainera, nazioartean aztertua izan da.

p016_f02_111x111.jpg

GARA |

Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunean, haur eta nerabeak protagonista bilakatu zituen Pasaiako Udalak eta haiek babesteko eta ongi tratatzeko udal plana onartu zuen atzo. Udalaren aburuz, «haurrei tratu ona eta babesa ematea da babes gabeziaren prebentziorako modurik onena»; hori dela-eta, Udalaren esku-hartzean gai hau ardatz nagusi bilakatu dute.

Alderdi politiko guztiek bat egin zuten atzo egitasmoa aurkezteko agerraldian. Aurretik, ordea, Udalbatza berezia egin zuten Pasaiako ikastetxeetako umeak ikus-entzule gisa gonbidatuz eta haiei hitza emanez.

Lau haurrek, zinegotzi eginkizunak bere eginez, aurkeztu zituzten, euskaraz eta gaztelaniaz, Udalak aho batez hartutako konpromisoak.

Herriko haurrentzako eta nerabeentzako babesa eta tratu ona sustatzeko asmo horretan, Pasaiako Udalak erantzukizun publikoa bere gain hartu du aurkeztutako plan honekin. Pozik agertu zen Obdu Lorenzo, Gizarte Zerbitzuen zinegotzi ordezkaria, eta «sentsibilitate oso desberdinen gainetik, konpromiso sendoak hartu direla» adierazi zion GARAri.

Adostutako plana aurrera eramateko, gainera, sailen arteko lankidetza garatu nahi dute Pasaian. Zehazki, Gizarte Ekintza, Kultura, Hezkuntza, Euskara, Gazteria, Kirolak, Migrazioa eta aniztasuna eta Udaltzaingo sailak barnean hartzen dituen sailen arteko batzordea osatu dute Udalean, eta Arbutz elkartearen laguntza izango dute egitasmoa garatzeko.

Sailen arteko batzorde honen sorrera «erabat berritzailea» dela nabarmendu zuen Lorenzok eta horren erakusle da umeen zaintzari buruz egindako hainbat nazioarteko biltzarretan Pasaiako ekimena aztertu izana. Orain artean, Argentinan eta Lisboan izan diren bilkuretan aztertu dute Pasaiako eredua eta datorren astean, Kantabrian eta Brasilen izango dute Pasaia mintzagai.

Udal planaren helburuak aurkeztu zituzten agerraldian eta lau ildotan zehazten dira: Pasaiako haur eta nerabeak babestea eta ongi tratatzea; Udala erantzukizun publikoaren jabe egitea; sozializazioa; eta guztion parte-hartzea bultzatzea.

Parte hartzea helburu

Plana gainera, bi zatitan banatu dute. Lehena, Udaleko teknikari arduradunei prestakuntza eta laguntza ematean eta gizarte eta erakunde eragileekin aritzeko hobekuntzak egitean datza. Bigarren zatia aldiz, datozen bi urteetan garatuko da eta bertan Pasaiako herritarrak izango dira protagonistak.

Lorenzok garrantzi berezia eman nahi izan dio pasaitarren parte-hartzeari eta hartara, agerraldian esan bezala, erantzukizun partekatuaren printzipioa ezarriko dute, herritarrek zein eragileek planaren garapenean esku-hartzea izan dezaten eta herritar guztiek haurrentzako tratu ona eta babesa sustatu dezaten. Herritarren parte-hartzea indartzeko asmoz atzoko agerraldiarekin eman zioten hasiera hedatu nahi duten kanpaina komunikatiboari, eta Lorenzok iragarri zuen bezala, makina bat ekimen izango dira laster Pasaia aldean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo