Faxismoari aurre egiten musikan
Ritxi AIZPURU | Musika argitaratzailea
Rock musikari beti atxiki diogu jarrera bat. Konformismoaren aurkako jarrera, gauzak pikutara botatzeko gogoa. Kontrakultura jiteak izan ditu eta gizarteek, estatuek eta botereek ezarritako oro bertan behera botatzeko erabaki irmoa nabaritu zaio rock musikari. Baita kontrako guztia ere.
Rockaren inguruan kontraesan mordoa zabaldu eta eraiki da. Antagonismo horiek indar berritzaileen sorrera ere izan dira baina gizarteak, laster asko, aurkako mugimendu gehientsuenak jan egiten ditu (errekuperatu berarentzat) eta bere kontra zegoena alde jartzerainoko bidea egin. Gu konturatzerako jan gaitu boterearen zirimola horrek eta, kostata, bertatik ateratzen saiatzen gara. Ez da beti lortzen nahi den emaitza.
Euskal Herriak (beti pluralean idatzita, askotarikoak baitira gure Euskal Herriak eta asmatutako izen hark -Euskadi- hasieran izan zuen matxinada kutsua gaur erabat galduta dauka, desitxuratuta) beste herri mordoen ispilu izan ziren eta 1980ko hamarkadako giza erresistentziak eta borroka, esperimentu eta saiakuntza alternatiboak oso sakon sartu ziren Euskal Herrietako rockaren erraietan. Batzuetan, kolektiboen aktibismo imaginarioaren aurretik ere ibili ziren, eguneroko ohikeriak irentsi zituen arte edo kontzientzia politikoak berregituratu zituen arte. Diskurtsoan sakondu eta antolamendu era berriak eraiki ziren. Etsaiaren kokapena eta estrategiak zeharo garbi nabaritzen ziren, nahiz eta zatiketa bilatzen zuen momentu guztietan.
Erregimen demokratikoaren propaganda zabala zen eta aurreko erregimen absolutistaren adarrak, luzeak. Baina lehen aipatutako etsaiaren aurpegia ezaguna zitzaigun, faxismoa zerien haren hitzei eta ekintzei. 1980ko hamarkadako gazteek punkarekin oldartu zitzaizkion sistemaren atalei. Gaur, aitzitik, boterearen indarrak (banku eta enpresak barne) dena lausotzen digu eta nekezago ikus daitezke errealitatearen jukutriak, hain zuria da dena! Ba omen dator, ordea, faxismoaren beste eraso bat eta erne egoteko garaia da. Informazioa edukitzea eta egiaztatzea ezinbestekoa da eta, noski, horren inguruan eztabaidatzea.
Punk-oi! estiloaren eszenan gauza dexente gertatzen ari da, eta bertsio gehiegi eta kontrajarriak azaleratzen. Kolektibo batzuetatik ozen egin da oihu baina urak azkarregi doaz eta uher. Futboleko hooliganak tarteko eta egurra egurragatik, liskarra liskarragatik, zentzurik eta senik gabe. Ezkerreko eta ikuspegi libertariotik egindako eztabaida beharrezkoa da gaizki ulertuak argitzeko, faxistak estalgabetzeko ahalik eta azkarren.