Santi Brouard eta Josu Muguruzaren hilketak, trantsizioaren porrotaren zantzu mingarriak
Santi Brouard eta Josu Muguruza hil zituztenetik 24 eta 19 urte joan dira, hurrenez hurren. Bi hilketa horiek, besteak beste, trantsizio espainola delakoaren porrotaren zantzu mingarriak izan ziren, Estatu espainolak Hego Euskal Herriari eskaini zion irtenbide estu eta faltsua nabarmen utzi zutenak. Euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko nahiari eta -ahaztu gabe- eskubideari, Madrilek autonomia estatusa eskaini zien, berak ezarritako mugak dituen eta berekin Madrilek erabakitako lurralde zatiketa dakarrena. Baina ez zuen lortu euskal herritar gehienek beren buruaren jabe izateko eskubideari uko egitea, eta horren aurrean, Estatuaren erantzuna eskubide horren defentsan sutsuen jardun izan duen sektoreari eraso egitea izan zen. Brouard, Muguruza eta beste asko euskal independentismoa isilarazteko eta desagerrarazteko saioen ondorioz hildako euskal militanteak dira. Atzo omendu zituzten militante abertzaleok 1984an eta 1989an hil zituzten, baina 2008an euskal herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko borondateari eusten jarraitzen dute, eta Estatuari bururatzen zaion irtenbideak ere betiko ildoari eusten dio: errepresioa, porrotaren adierazle.