GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Velasco epaileak ez daki nola argitu De Juanaren aurkako euroaginduak dituen kontraesanak

GARA |

Joan den hilaren 11n Iñaki de Juana preso politiko ohiaren aurka Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok ezarri zuen kartzelatze aginduaren ondotik, donostiarraren aurkako euroagindua bideratu zuen. Agindu hori zela-eta atxilotu zuten De Juana astelehenean, SNPI Irlandako Iparraldeko poliziaren komisariara bere borondatez joan eta gero. Hori baino lehenago, Belfasteko Tom Burgess epailearen aurrean izan zen.

Astelehenean Burgess epaileak euroaginduak hainbat kontraesan zituela adierazi ostean, asteazkenean horiek argitzeko eskaera egin zion Auzitegi Nazionalari. Egun horretan bertan, Irlandako Iparraldeko lehen ministro Peter Robinson unionistak ere kontraesan horiek izan zituen hizpide. Hala, Iñaki de Juanaren aurkako «zantzu» horiek frogatu ditzan galdegin baitzion Madrili.

Hala, Burgess epaileak hainbat gauza eskatu eta argitu dizkio Velascori: Espainiako Kode Penala ingelesez bidal diezaiola; euroagindua hiru urteko espetxe zigorra baino gehiagoko delituetan soilik ezartzen dela gogorarazi dio, eta legedi espainolaren arabera, De Juanaren aurkako akusazioak urtebete eta bi urte arteko zigorra duela. Gainera, Velascok legedi britainiarreko delitu zehatza ezartzeko gomendatzen zion Burgessi, eta ho- nek, aldiz, hori ezinezkoa dela erantzun dio.

Gauzak horrela, euroagindua egin duen epaileak, Velascok, eskaera horiei erantzuna emateko Fiskaltzari, AVTri, Foro Ermuari eta Dignidad y Justicia elkarteei laguntza eskatu die. Fiskaltzak, aldiz, De Juana entregatzeko hamabi hilabeteko zigorra nahikoa dela defendatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo