Hezkuntzako lanpostu murrizketen aurka 1.500 lagun bildu dira Baionan
Irakaskuntzako lanpostu murrizketen aurkako mobilizazio eguna izan zen atzokoa. Grebarekin bat egin eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastetxe ugari itxita egon ziren; mobilizazio handiena lizeoetan egindakoa izan zen, irakasleen %100ek egin baitzuten greba.
Ainize BUTRON |
UNAS, CGT, CFDT, FSU eta LAB sindikatuek egin zuten atzoko Baionan hezkuntza eta irakaskuntzaren defentsan egindako manifestaziorako deialdia. Goizeko hamaikak aldera, «hezkuntza gure etorkizuna da» leloa zuen pankartaren atzetik abiatu zen mila bostehun bat lagun elkartu zituen Lan Boltsa eta suprefetura arteko desfilea.
Ama-eskoletako, ikastetxeetako eta lizeoetako irakasleekin batera, ikasle eta guraso ugari elkartu zen. Lanpostu murrizketaren aurka eta kalitateko hezkuntza baten aldeko aldarrikapenak entzun eta ikusi ziren. Manifestazioa amaitutakoan sindikatuek Estatu frantsesak irakaskuntza arloan aurrezteko asmoz egin nahi dituen aldaketek irakaskuntza «hondamenera» eramango dutela salatu zuten. Batzuk «anti-Darcos» eguna deitu zuten, aldaketak proposatu dituen Hezkuntza ministroaren kontrako eguna, hain zuzen.
Ama-eskola ukituena
Aldaketek ondorioak, batez ere, ama-eskola eta lizeoetan izango dituztela argitu zuten. «Ama eskolen jardunbidea hankaz gora jarri nahi du Gobernuak», esan zuen Patricia Escapil UNSAko ordezkariak. Lanpostuak murrizteak hiru urtetik beherako haurren harrera eskolak bertan behera uztea ekarriko duela azaldu zuen.
Horrez gain, gaur egun zailtasunak dituzten haurrei zuzenduriko RASED zerbitzua eta lizeoen erreformak baliabideak gutxituko dituela azpimarratu zuten sindikatuetako ordezkariek. «Kolegioei dagokienez, ez dugu berririk, baina lanpostuak finkatzen dituen eskola karta erabakiko da laster, eta ziur gaude horretan ere sorpresa asko izanen ditugula», jakinarazi zuten irakasleen bozeramaileek. Escapilek gogorarazi zuen ikastetxe askotan jada hogeita hamar ikasleko taldeak daudela.
Manifestariek Gobernu frantseseko ordezkarien jarrera ere salatu zuten. Amaitzeko, epe laburrean beste greba deialdi bat egingo dutela erran zuten. Izan ere, aurtengo ikasturtean 11.200 lanpostu desagertu dira, eta hurrengo ikasturteari begira Pariseko Gobernuak beste 13.500 kendu nahi ditu.
Atzo egin zen grebaren inguruko datuak zabaldu zituen Paueko Hezkuntza Ikuskaritzak. Honen arabera, lizeoetako irakasleen %100ek grebarekin bat egin zuten, ikastetxeetan, berriz, irakasleen bi herenek, eta ama eskoletan %40k egin zuen bat deialdiarekin.
Paueko Hezkuntza Ikuskaritzaren arabera, lizeoetako irakasleen %100ek egin zuten bat grebarekin, ikastetxeetan, berriz, bi herenek eta ama eskoletan %40k egin zuen bat deialdiarekin.