GARA > Idatzia > Kultura > Zinema

«Nevando voy», Figueraren eta Muruzabalen filma, Bilbon eta Gasteizen ikusgai

GARA | BILBO

Candela Figueira argentinar eta Maitena Muruzabal iruindar zuzendariek iaz Iruñeko Golem zineman estreinatu bazuten ere, proiektua hainbat aretotan ikusi ahal izatea zuten helburu. Arrakastaz beteriko urtebeteren ondoren, Bilboko Zubiarten eta Gasteizko Floridan izango da gaur ikusgai.

Filmak lau pertsonaiaren historia kontatzen du, elurretarako kateak egiten dituzten lantegi batean elkartzen diren pertsonaiena. Javierrek, nagusiak, errefortzuak eskatu ditu; Jairo beste sekzio batetik eraman dute eta Angela eta Karmentxu ETT batetik iritsi dira. Laurak lotzen dituen elementua elurra da, beraz.

Baliabide gutxirekin egin zuten «Nevando voy» filma. Lau astez aritu ziren filmaketa lanetan, zinema gutxi ezagutzen zuen jendearekin eta lagunen eta familiaren laguntzarekin. Ia bi urte geroago Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak 50.000 euroko ordain-saria eman zien joan den apirilean, bereizmen handiko bideo batean filmatuta zegoen pelikula 35 milimetroko formatu batera pasatzeko. Lanak argia ikusi zuenean, bost kopia eskuetan hartuta irten ziren biak ahal zuten zinema aretoetan banatzeko asmoz.

Lehen estreinaldia

2007. urtean estreinatu zuten «Nevando voy» lana Iruñeko Golem zineman eta bederatzi aste inguru egon zen ikusgai.

Urtebete igarota, filmak arrakasta lortu du hainbat jaialditan eta baita zinema aretoetan ere. Valladolideko Zinema Astean eta Medina del Campo-ko jaialdian, esaterako, ikusleek film luze onenaren saria eman zioten. Tuterako Opera Prima Zinema Jaialdiak, bestalde, epaimahaiaren Vianako Printzea saria eman zion. Miami Underground Film Festivalen eta Kubako Zinema Pobrearen jaialdian ere harrera ona izan zuen.

Muruzabalek Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitatean eta Los Angelesen zinema ekoizpenaren inguruko master bat egin zuen. Bertan ezagutu zuen Candela Figueira, gerora bere lankide izango zena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo