GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketa

Dena prest dago finalistak erabakiko dituen partidarako

Irujo pozik azaldu da materialarekin eta salatu zuenez, «badirudi kexatu beharra dagoela pilota egokiak jartzeko». Aimarrek bere jokoari jarraipena eman nahi dio.

p029_f01_666x666.jpg

Asier AIESTARAN | DONOSTIA

Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo prest dira igandean Lau eta Erdiko Txapelketaren finalistak erabakiko dituen partidarako. Sailkatzea lortzeko aukera gehien dituzten bi pilotariek elkarren aurka jokatu beharko dute Gasteizen eta, normala den moduan, material aukeraketak ikusmin berezia sortu zuen Arabako hiriburuan. Aurtengo txapelketa lehen aldiz iritsi da Ogetara.

Olaizola II.ak txartela ia eskuetan badu ere, Irujoren aurka jokatzen dituen partidek xarma berezia izan ohi dute beti. Askoren ustez, Iberokoa da, bere jokatzeko moduagatik, goizuetarrari arazo gehien sortzen dizkion aurkaria. Estatistikei begiratua emanez gero, baieztapen horrek funtsik baduela esan daiteke, nahiz eta aldeak ez diren horrenbestekoak.

Buruz Buruko Txapelketa, Lau eta Erdiko Txapelketa eta kaiola barruan jokatzen den San Fermin Torneoa kontuan hartuta, sei aldiz jokatu dute elkarren aurka Olaizolak eta Irujok. Horietatik lautan iberotarra nagusitu da eta goizuetarra, berriz, birritan baino ez.

Une bakoitzak, ordea, bere azterketa eskatzen du eta aurtengo txapelketan Olaizolak eman duen maila ikaragarria izan da. Hala ere, goizuetarrak sailkatzeko behar duen gutxieneko tanto kopuruak -nahikoa ditu sei tanto finalista izateko- zalantzaren bat sor lezake pronostikoan. «Nire eginbeharra Aimarri kantxan mugitzera derrigortzea da eta pilotari abiadura ematea -adierazi zuen Irujok-, baina egia da partida bakoitzean egiten ditudan sei edo zazpi erregalo horiek nahikoa dituela berak finalean egoteko».

Olaizolak, ordea, markagailuaz ahaztu eta irabaztera irtengo dela adierazi zuen «azkenaldian ongi jokatzen» ari delako. Gainera, bere lesioaren inguruan sortu den eztabaida dela-eta, «kazetarien kontua» izan dela salatu zuen.

Materialari dagokionez, bi pilotariak pozik gelditu ziren otarrean aurkitu zutenarekin. Irujok aipatu zuenez, «aurreko asteko piloten bizitasuna bikoizten dute» atzo jarritakoek eta bere ustez «badirudi pilotan kexatu beharra dagoela material egokia jar dezaten». Aspekoak 106 eta 106,3 gramoko Cipriren bi pilota hautatu zituen; Aimarrek, aldiz, 104,7 eta 106,8 gramoko bi Punpa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo