GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Etxean eta etxekoek egina, Gatiburen lan berria

Gernikar laukoteak, «Laino guztien gainetik, sasi guztien azpitik» hirugarren lana aurkeztu zuen atzo, Baga Biga etxearekin plazaratutako lehena. Betiko rock doinuez eta parrandarako gogo aseezinaz, taldeak Durangoko Azokaren karira, abenduaren 7an joko du zuzenean.

p046_f01_97x160.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

«Gehiago nahi dot eta igo bolumena». Horra Gatiburen hirugarren lana zabaltzen duen («Bang-bang txik-txiki bang-bang» singlea) kantan ageri den lehen esaldi esanguratsua.

Alex Sarduik (ahotsa), Haimar Arejitak (gitarra), Gaizka Salazarrek (bateria) eta Mikel Caballerok (baxua) sortu zuten Gatibu orain sei bat urte, eta «Zoramena» izeneko lehen laneko «Alkondarie» kantuak horixe bera eragin zuen, zoramena. 2005ean «Disko Infernu» plazaratu zuten, lehena legez Oihuka zigiluan, eta bi urtetan lan berria prestatzen aritu ostean hirugarren emaitza eman dute argitara orain, Baga Biga etxearen bidez plazaratu dutena.

Lan berriak gora eta behera darabil taldea, sorginen antzera hegan ezin egin eta «Laino guztien gainetik eta sasi guztien azpitik» tatarrez dabiltza-eta. Taldekideen aburuz, «horrela ibiltzen da musikaria ere, lainoen gainetik goian dagoenean, eta sasien azpitik beherakadetan». Esana zuen Iparragirrek ere, «egun batean pobre besteetan jauna...».

Sarduiren esanetan, «grabatzeko eran dago disko honen eta aurrekoen arteko ezberdintasuna». Denok batera grabatua dela nabari baitzaio soinuari; «errealagoa eta naturalagoa» egin du horrek. Bestalde, musikarien batasuna, talde sena nabarmendu nahi izan zuen Sarduik. Izan ere, «lan hau laurok egina da goitik behera», etxekoek etxean egina, kanpoko laguntza handirik gabe, uztaila eta azaroa bitartean Muxika eta Berriz artean grabatu eta taldeak berak ekoiztuta baitaude hamar kantuak.

Bigarrenarena baino debut lanaren antz handiagoa duen lana sinplifikatu eta «soinu freskoagoa» lortu nahi izan du laukoteak, zuzenagoa, «hirugarren diskoa izateko nahiko zaila zena».

Hitzei dagokienez, eta ohiko bizkaiera ederrean, «egunerokotasuna» islatzen du taldeak, eta oraindik parranda eta jai gogoz azaltzen da, hedonista samarrak diren kantuetan. Behin lana kalean, zuzenean jotzerakoan «taldeak abestiak hautatzeko aukera handiagoa» izango duela ere nabarmendu du Sarduik.

Plateruenako oholtzara

Aurki agertuko du Gatibuk diskoa plazara. Estreinakoz Durangoko Azokan, abenduaren 7an, Plateruenan. Tolosako Bonberenea (abenduak 13), Elizondoko Lur (abenduak 20) eta Bermeoko Kafe Antzokia (abenduak 27) aretoetan izango dira hurrengoak. Euskal Herritik kanpora euskaraz abestera ateratzea ere nahiko luketela adierazi dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo