Kultura dastagai Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokan
Ikusi, entzun, ukitu, usaindu eta dastatzeko, datorren abenduaren 5etik 8ra bitarte izango dugun Durangoko Azoka aurkeztu zuten atzo. Afixak sortu duen ika-mika gorabehera, euskal letra eta doinuen erakuslehioak liburu, disko eta jolasak ez ezik, idazle eta musikariekin solasean aritu eta zuzeneko aurkezpenetan parte hartzeko aukera ere eskainiko digu.
A. B. - I. R. | DURANGO
Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako 43. edizioa heltzear da. Landako Erakustazoka euskal kulturaren ikur bihurtuko da abenduaren 5etik 8ra bitartean. Hala, Gerediaga Elkarteak editorialak, banatzaileak, diskoetxeak, erakundeak eta kultur eragileak gonbidatu ditu Bizkaiko herrira.
«Urteen poderioz, abenduko egun horiek euskaldunon topaleku izaten dira». Horrela aurkeztu zuten antolatzaileek azoka atzo Durangon eskaini zuten prentsaurrekoan. Bertan, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidentea, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, Josune Ariztondo Kultura diputatua, Gurutz Larrañaga Kultura sailburuordea, Jon Irazabal Azokako zuzendaria, eta BBK eta Eroskiko ordezkariak izan ziren.
Azokako 43. edizio honetan 154 parte-hartzaile egongo dira orotara. Aurten, hamahiru eskari berri egin dira, gehienak diskoetxeek eginak, baina teknologia berriek indarra hartu dute alor honetan. Guztira, 292 erakusmahai batuko dira gunean (literatura eta musikari 279 stand eskainiko zaizkie eta teknologia berrien hedakuntzarako proiektuei 13). Nobedadeei dagokienez, (partaideek urrira arte erraztutako datuen arabera), 504 aurkeztu dira (345 liburu, 64 disko, hamabost aldizkari, hamabost bideo, ordenagailurako hamabost CD-ROM eta bestelako 50). Azpimarragarria da urte honetan espazio berri bat egokituko dela autore eta bisitarien arteko elkarrizketa bultzatzeko eta horrek stand kopuruen murrizketa eragin duela halabeharrez. Dena den, antolatzaileek adierazi dutenez, eskatzaile guztiek izango dute gutxieneko espazio bat Azokan.
«Euskal kulturaren azoka klasiko bat da gurean» eta umeak zein nagusiak erakartzen ditu; hala ere, «umeak izango dira biharko irakurleak eta azokaren jarraitzaileak». Adorea, sendotasuna eta, batez ere, jarraitasuna planteatzen du Azokak. Horrexegatik, urtetik urtera gaztetxo gehiago hurbiltzen denez, aurten Haur Literatur Aretoari arreta berezia eskaini diote eta honek egitarau propioa izango du, Landako guneari itsatsita izango dena. Abenduaren 5ean, egun osoan zehar, «Blusens» altxorraren bila lehiaketa antolatu da umeak liburuek ezkutatzen dituzten altxorrak bilatzen ikas dezaten. Bestalde, ipuin kontalariak, txotxongiloak, eskulan tailerrak, magia ikuskizunak, magoak, globoflexia tailerrak, karaokea, antzerkiak eta irakurketa librea izango dira hurrengo egunetan.
Etxeko gazteenez gain, helduek ere makina bat hitzordu egiteko aukera izango dute Landako inguruan, euskal letra eta doinuen «meka» edo oasi bilakatua, asko baitira Durangora aspaldiko lagunak ikusi, zuzeneko aurkezpenetan parte hartu, aldarrikapen sozial edo politikoak egin zein bertako girora hurbilduko direnak.
Irudigileen jarduna
Zuzendariak azaldu duenez, «Gehienetan hitza edo literaturari buruz hitz egiten da, eta irudia baztertuta geratzen da». Horiek horrela, Gerediagak eta Euskal Irudigileen Elkarte Profesionalak ekitaldi bereziak antolatu dituzte abenduaren 5erako. Horretarako, Arnal Ballesterrek, Estatu espainoleko Kultur Ministerioak ematen duen Ilustrazio Sari Nazionaleko 2008ko irabazleak hitzaldia emango du, Iñaki Martiarena Mattin eta Aitziber Alonso irudigile euskaldunen laguntzarekin.
Aurtengo edizioko berritasun aipagarriena, ostera, Aurkezpen aretoa izango da. Ekimen honen bidez egile eta bisitarien arteko harreman zuzena lortu nahi da. Bi horien arteko komunikazioa eta parte-hartzaileen arteko elkarrizketa bultzatzea da xedea. Idazleak izango dira bertan beren liburuak eta lanak aurkezten, ilustratzaileen lana ikusteko parada egongo da, bideo-emanaldiak eskainiko dira eta mahai-inguruak prestatuko dira. Azoka barruan antolatuko den espazio honetan 30-35 pertsonentzako lekua egongo da egunero.
Etxekoez gain, eta atzerriko zenbait idazle Durangora gonbidatzeko ohiturari eutsiz, Salla Järnefelt finlandiarraren bisita izango da aurten Azokan (hitzaldia emango du abenduaren 6an), Suomitar Euskalherria-Finlandia elkartearen laguntzari esker. Suomi-Euskara-Suomi hiztegia garatzea du helburu nagusi goian aipatu elkarteak.
Bestalde, gunean hainbat telebista pantaila ipiniko dira jendea halabeharrez informazio-puntura hurbildu behar ez izateko, Azokako egitarauaren berri emango da une oro.
Hitzak eta doinuak
Honako eta bestelako datuetan galduta, ezin ahaztu Durangon dastagai izango diren liburu eta diskoak. Musikari dagokionez, argitaratzaileen atomizazioa bizi dugu, eta asko dira autoekoizpenera edo zigilu txikietara jotzen dutenak, batzuek copyleft sistema interesgarriak erabiliz gainera. Hauentzat guztientzat banaketa izaten da sarritan jendearengana heltzeko eragozpen handiena, eta aukera ederra dute Azokan. Liburuetan ere ez da aukerarik faltako. Liburuetan kontrako prozesua gertatzen ari da metaketarako joerarekin, argitaletxeei dagokienez.
Iaz sarrera kobratzeko aukera hausnartzen ari zirela zabaldu bazen ere, doakoa izaten jarraituko du Landakorako sarrerak, afixarekin kalapitaren bat edo beste sortu eta milaka gizon eta emakume ikusezin elkartuko dituen 43. edizio honek. Euskaraz sormena oparo dabilen honetan, ikusi beharko krisi ekonomikoak nola eragiten dion euskal diskoetxe eta argitaletxeek funtsezko duten hitzorduari.
Abenduaren 5ean ikasleak izango dira protagonista. Hainbat ekintza antolatuko dira bisitari txiki hauentzat; besteak beste, makillaje erakustaldia, grafitti eta break dance tailerrak edo «Blusens» altxorraren bila lehiaketa.
Salla Järnefel finlandiarra izango da aurtengo atzerriko idazle gonbidatua, abenduaren 6an «Finlandiako literaturaren garaiak erdiarotik gaurdaino» hitzaldia emango duen sortzailea.
43. edizioan, 154 parte-hartzaile izango dira, 279 stand-etan banatuak, eta nobedadeei dagokienez, 345 liburu eta 64 disko aurkeztuko dira bertan, eta hamabosna aldizkari, bideo, ordenagailurako Cd-Rom eta beste.
Data: Abenduaren 5etik 8ra bitarte.
Lekua: Landako Erakustazoka (Durango).
Ordutegia: 10.30etik 20.00era.
Antolatzailea: Gerediaga Elkartea.
Sarrera: Doan.
Hasier Etxeberriak idatzi «Bost euskal idazlerekin berbetan» liburuan, merkatu txikiko kulturek eta hizkuntzek beren abantailak ere bazituztela zihoen bost horietako batek. Sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera da abantailetako bat, musikari eta idazleek egindako lanen iruzkinak zuzenean artistari egin, hauengandik zerbait gehiago ikasi eta kritikak edo laudorioak egiteko aukera.
Horretarako, eta Azoka aberasteko asmoz, «Ahotsenea, sortzaileen gunea» gauzatzea proposatu du artista talde batek, eta horretarako bi espazio sortu. Batean, «Kafearen espazioa litzatekeenean, literaturazale eta musikazaleek jesarrita egoteko lekua izango lukete, lasai egotekoa, mahaiaren inguruan zernahi hartzen den bitartean bestearen jarduna adi entzuteko moduan atondua». Bestean, «Sortzaileen espazioa litzatekeenean, Durangora hurbilduko liratekeen idazle eta musikariekin elkarrizketak, mahai-inguruak, solasaldiak eta antzekoak bertatik bertara egiteko eta 30-40 minutu inguruko musika emanaldiak egiteko modua legoke», guztia zuzen zuzenean. Modu honetan, benetako protagonista, sorkuntza, atera nahi da plazara, sortzaileak horretan inplikatuz.
Horrez gain, Plateruena aretoan musika lan berriak zuzenean aurkezteko aukera izango dute hainbat taldek. Abenduaren 5ean, Azokaren lehen egunean, Rafa Mungiarrak «Zuhaitz okerretan gora» bakarkako hirugarren lana aurkeztuko du, berak ekoiztutako lehendabizikoa. Biharamunean, abenduaren 6an, Kauta taldearen txanda izango da (Baltic Sea taldearekin batera). Andoaingo hirukoteak Atxeh zigilua estreinatu eta hirugarren lana, «Isladak» plazaratu berri dute. Igandean, berriz, abenduak 7, Gatibu laukotearen txanda. Gernikarrek ere hirugarrena dute «Laino guztien gainetik eta sasi guztien azpitik», Baga Biga zigiluan emana.