GARA > Idatzia > Kirolak > Mendia

KIROL ESKALADA IFSC zirkuitua

Johanna Ernst, munduko kopako urakana

Zirkuituak sei etapa izan ditu, eta erregularrenak 16 urteko austriarra eta Jorg Verhoeven holandarra izan dira. Patxi Usobiaga laugarrena izan da; Irati Anda, berriz, hamaseigarrena.

p045_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Aurtengo Munduko Kopak ez du batere erritmorik izan. Hori diogunean, beste urte batzuetan ez bezala proba gutxi izan direla esan nahi dugu (sei guztira). Gainera, egutegia nahiko sakabanatuta izan da. Ekain amaieran Qinghain (Txina) hasi zen Kopa; uztailaren hasieran, berriz, Chamonixek (Frantzia) hartu zuen lekukoa. Ia bi hileko «atsedenaldiaren» ostean, hiru proba egin ziren jarraian irailean: Berna (Suitza), Imst (Austria) eta Puurs (Belgika). Amaiera, berriz, hilak 15ean eta 16an izan zen, Kranjen (Eslovenia).

Egutegi gorabeheratsu hori alde batera utzita, aipatu behar da 2008ko edizioak bi irabazle berri izan dituela: Johanna Ernst eta Jorg Verhoeven. Inolako zalantzarik gabe, Ernst izan da aurtengo protagonista nagusia; are gehiago, Verhoeveni inolako meriturik kendu gabe, lasai asko esan genezake protagonista bakarra izan dela.

Munduko Kopako beste kronika batzuetan aurreratu dugun bezala, 16 urteko austriarra da Ernst. Badirudi bere kide Angela Eiterren, azken urteotako emakumezko indartsuenaren, lekukoa ondo baino hobeto hartu duela; gainera, oso-oso gaztetatik. Izan ere, oraindik Munduko Kopako gazteen mailan lehiatzen da; hain zuzen ere, Youth A mailan. Sinestezina alde guztietatik. Izan ere, nazioarteko zirkuitu honetan gailentzeaz gain, Parisen jokatutako Europako Txapelketa eta Arcoko Master entzutetsua ere irabazi ditu.

Eta irabaztearekin nahiko bazuen ere, garaipen horiek nagusitasun osoz poltsikoratu ditu. Munduko Kopako proba guztietan eskalatu dituen ia bide guztiak kateatu ditu. Ernst galaktiko samarra dela argi geratu da.

Mutiletan, berriz, Verhoeven holandarrari ez dio iaz bezala garaipenak ihes egin. Iaz ere Kranjen izan zen azken proba eta, gogoratuko duzuenez, Patxi Usobiagak eta Ramon Julianek eginiko «hutsen» ondoren, holandarrak eskura zuen Kopa. Baina, antza denez, urduritasunaren eta presioaren mendean geratu zen, eta, azkenean, Usobiaga izan zen Kopako garailea.

Lehia biziak

Esloveniako azken probari dagokionez, aipatu beharra dago Ernstek aise irabazi zuela. Izan ere, sailkapeneko, finalerdietako zein finaleko bideak kateatu zituen. Hori egiten bakarra izan zen. Haren atzetik, etxean aritu zen Maja Vidmar geratu zen. Esloveniar honi buruz lesio bat tarteko Kopako lehen bi probetan ez zela aritu gogoratu behar da. Iazko zirkuituko garaipena errepikatu nahi zuen, baina, esan bezala, berandu hasi zen lehiatzen. Akiyo Noguchi japoniarra izan zen hirugarrena Kranjen. Anda gasteiztarra ez zen finalerdietatik pasa.

Nesken mailan urrea erabat ziurtatua bazegoen ere, mutiletan txapela hiru eskalatzaileren artean jokatu zen: Tomas Marzek, Ramon Julian eta Jorg Verhoeven. Beraien artean 32 puntuko aldea zegoen soilik. Ramonet katalanak ez zuen aukerarik izan finalera sartzeko, Mrazek laugarren sailkatu zen eta Verhoeven bigarren. Irabazlea Klemen Becan esloveniarra izan zen, eta Usobiagak hirugarren postua lortu zuen.

Kranjeko etapa jokatu ondoren, eta puntu guztiak batu ondoren, Munduko Kopako behin betiko sailkapena argitu zen. Nesken mailan, aurreratu dugun bezala, Ernst izan da irabazlea, Vidmar bigarrena eta Mina Markovic esloveniarra hirugarrena; hots, Europako Txapelketako podium bera. Euskal ordezkari bakarra, Irati Anda, 16. postuan sailkatu da. Gogora dezagun eskumuturretik min hartuta izan dela gasteiztarra eta, ondorioz, hainbat proba galdu dituela.

Mutiletan, berriz, Verhoeven izan da erregularrena, zilarra Mrazekentzat izan da eta brontzea Ramonetentzat. Nesketan bezala, euskal ordezkari bakarra izan da; kasu honetan, Patxi Usobiaga. Azkenean, laugarrena izan da eibartarra hainbat gorabehera direla medio. Hirugarren urtez jarraian poltsikoratu nahi zuen Munduko Kopa, baina aurten ezinezkoa izan zaio. Hala ere, lehiaketetan oso urte biribila izan du; besteak beste, Europako Txapelketa, Arcoko Masterra eta Bernako proba irabazi ditu.

Amaitzeko, datu deigarri bat mutilen mailari dagokionez: inork ez du proba bat baino gehiago irabazi. Honakoak izan dira proba bakoitzaren irabazleak: Mrazek (Qinghai), Verhoeven (Chamonix), Usobiaga (Berna), Ramonet (Puurs), David Lama (Imst) eta Becan (Kranj).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo