GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Ertzaintzak «kolaborazio delitua» egotzi die atxilotutako hiru gazteei

Segi gazte erakundeak sinatutako kartelak jartzen ari zirela Tolosaldeko hiru gazte atzeman zituen Ertzaintzak Anoetan. Poliziaren aurrean deklaratzeari uko egin zioten eta aske utzi zituzten. Aske utzi arren, «kolaborazio delitua» leporatu diete afixak jartzeagatik.

GARA |

Ertzaintzak hiru gazte atxilotu zituen larunbat arratsaldean Anoetan, Segi gazte erakundeak sinatutako kartelak jartzeagatik. Amnistiaren aldeko mugimenduak atxiloketak baieztatu eta salatu zituen.

Lakuako Herrizaingo Sailak adierazi duenez, gazteetako batek 17 urte ditu eta, gainerako biek, 22. Arratsaldeko bostak inguruan Ertzaintzak Anoetako San Juan kalean Segik sinatutako afixak jartzen ikusi zituela azaldu dute aipatu iturriek.

Gazteek, bihar ospatuko den emakumeen kontrako bortizkeriaren aurkako eguna dela-eta gazte erakundeak egindako kartelak jartzen ari omen ziren atxilotuak izan zirenean.

Ondoren, polizia-etxera eraman zituzten. Amnistiaren aldeko mugimenduak jakinarazi duenez, gazteek uko egin zioten Ertzaintzaren aurrean deklaratzeari eta larunbat gauean bertan aske utzi zituzten.

Hala ere, «epaitegietatik iritsiko zaienaren zain» gelditu ziren gazteak. «Kolaborazio delitua» leporatu diete.

Amnistiaren aldeko kolektiboak gogor egin du atxiloketen aurka eta, ildo horretan, hurrengoa salatu du: «Modu honetako jarduerek Ertzaintzak gazte independentisten aurka irekita dagoen sorgin ehizan bete-betean parte hartzen duela erakusten dute».

«Funtzio errepresiboa»

Amnistiaren aldeko mugimenduaren ustez, «atxiloketa hauek PNVk eta PSOEk herri honetako sektore independentista baztertzeko eta ezabatzeko duten elkarlanaren emaitza dira».

Ohar batean, jeltzaleek Ertzaintzari ematen dioten «funtzio errepresiboa» kritikatu du. Era berean, herritarrei dei egin die «modu honetako erasoen aurrean kalera irteteko».

kartelak

Segi gazte erakundeak sinatutako kartelak jartzeagatik atxilotu zituen Polizia autonomikoak Tolosaldeako hiru gazteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo