Superliga
Itxura ona ematea ez da nahikoa Rayori min egin ahal izateko
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Realak ezin izan zuen atzo Rayo Vallecano menderatu, baina Javier Garmendiak zuzentzen duen taldeak apur bat gehiago merezi izan zuen. Itxura ona eman zuen, baina madrildarren kalitateak erabaki zuen partida.
Lehen minutuetan Rayok gogor ekin zion, eta bazirudien gipuzkoarrek goiz zaila pasa beharko zutela. Hirugarren minutuan Pazek aukera ederra izan zuen, baina Sarasolak geldiketa bikaina egin zuen eta markagailuari bere horretan eutsi ahal izan zion.
Lehen minutu hauetako jokoari berehala hartu zion tamaina Realak. Ez hori bakarrik, hortik aurrera baloiaren jabetza izatera pasa zen eta, azkenerako, partidaren agintea ere hartu zuen. Hala ere, aukera garbirik ez zuen egin eta Irenek, Rayo Vallecanoko atezainak, ez zuen aparteko lanik izan.
Atsedenera joan aurretik, ordea, berriro ere kanpotarrek jo zuten aurrera, eta Sarasolak beste bi geldialdi egin behar izan zituen. Kontuak kontu, golik gabe joan ziren atseden hartzera.
Bat gutxiago
Bigarren zatian ere madrildarrak gogor abiatu ziren, eta Soniak gol bikaina sartu zuen jokaldi aparta egin ostean. Hortik aurrera, Garmendiak aldaketak egin zituen taldea indartzeko, baina kanpotarrak ez ziren kikildu eta gipuzkoarrei ez zieten aukerarik eman.
Partida amaitzeko sei minutu geratzen zirenean, Sarasolak, Realeko atezainak, txartel gorria ikusi zuen, eta txuri-urdinek aldaketak eginda zituztenez, Esti jokalariak jarri behar izan zuen atepean. Datorren asteburuan derbia jokatuko da, Athleticek Reala hartuko baitu Lezaman.