GARA > Idatzia > Kultura > Irrati-telebista

Estatu frantseseko irrati eta telebista publikoak greban, iragarkiak kentzeko legea dela-eta

Joan den otsailaren 13an egin bezala, Estatu frantseseko irrati eta telebista publikoetako sindikatuek 24 orduko greba deitu dute biharko. Iragarkiak kentzeko Nicolas Sarkozyren neurriaren aurka azalduko dira.

GARA | PARIS

Urtarrilaren 8an Nicolas Sarkozy estatu frantseseko presidenteak telebista publikoko kateetatik urtarrilaren 5ean iragarkiak kenduko zirela iragarri zuen. Horrela esan zuen eta horrela onartu zen urriaren 22an ministroen kontseiluan. Biharko, proposamena parlamentuan aztertuko den egunerako, ikus-entzunezko sindikatuek greba deialdia egin dute. Eguerdian Pariseko Eiffel Dorretik aterako den manifestazioa izango da geldialdiaren isla.

Urtarrilaren 5etik aurrera iluntzeko zortzietatik aitzina iragarkiak desagertu egingo dira; 2011. urtetik aurrera, berriz, ez da bat bera ere izango. Neurriak izango dituen ondorioen artean, ardura sortu da telebista publikoek izango dituzten galera ekonomikoak direla-eta. Adituek diotenez, gaueko murrizketarengatik bakarrik, urtean 380 milioi euroko diru sarrerarik gabe geratuko dira. Horri aurre egiteko, herritarrek telebistagatik ordaintzen dutena garestitzea proposatu du Gobernuak; oraingo 116 euroetatik 118ra.

Sindikatuek diotenez, erreforma hori kate pribatuei eginiko oparia da, TF1 tartean aurkitzen delarik. Bertako zuzendaria, Martin Bouygues, Sarkozyren lagun mina dela ere zabaldu da. Kate horiek, publizitate gehiago eskaini ahal izango dute eta filmetako geldialdiak ere ugaritu ahal izango dituzte. Telebista pribatuetara finantziazio gehiago bideratzea eta komunikazioko talde handiak sortzea ere lortuko du proposamenak.

Bestalde, France Televisions taldea aldatzea ere badakar neurriak. Bertatik, enpresa bakar bat sortu nahi dute. Ikus-entzunezko Kontseilu Gorenak beharrean, Sarkozy berak aukeratu du taldeko presidentea; hori bai, Kontseilua ere ados egon behar da erabakiarekin. France Televisionseko egungo presidentearentzat «lelokeria» da iragarkiak kentzea. Proiektuak, Sarkozyren esanetan, «kalitatezko zerbitzu publikoa» eskaintzea du helburu. Neurria telebistako zerbitzu publikoa audientziaren presiotik eta mundu komertzialetik aldentzeko asmoz hartu dutela ere gaineratu du. Kateek hemendik aurrera estatu frantseseko produkzioei garrantzi gehiago emango dietela ere aipatu dute. Sozialistek eta MoDem alderdiak salatu dutenez, aldiz, proposamenak iragarkien merkatua monopolizatuko du.

BALIOAK

Sarkozyren esanetan, «balio kontua» da neurria. Estatuko telebistek jasaten duten «rating-aren tirania» amaitu behar dela uste du, «programazio oso artifizialak» sortzen baititu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo