Urtebeteren ondoren, Errenteriako Zintzilik Irratia uhinetara itzuli da
GARA| ERRENTERIA
Urtebete inguru Zintzilik Irratiaren funtzionamendua berrantolatzen igaro ondoren, zuzeneko emisioak martxan jarri dituzte berriz ere. Hala, FM 100 dialean eta www.zintzilik.net gunean irratia entzuteko aukera dago larunbataz geroztik. Orduan egin zuten irratiaren aurkezpen saioa, Errenteriako Zumardian denboraldiari hasiera emanez.
Programazioari dagokionez, ekoizpen propioko hemezortzi saio eskainiko dituzte Herreriatik gaurtik aurrera. Atal berriak ere estreinatuko dituzte. Umoreari lekua eginez, «Matxura buruan eta ibili munduan» saioa eskainiko dute. Bestetik, gai interesgarriak landuko dituzte «Alargun beltzaren besarkada» izeneko saioan. Musikaz blai bustitzeko, aldiz, «Whore House» eta «Jauja» irratsaioak izango dira entzungai.
Herriko eta inguruko albisteak jasotzeko, berriz, «Erretegia» izeneko albistegiari bi orduko tartea emango diote arratsaldeko zortzietatik aurrera astelehenetik ostiralera bitartean. Berriez gain, elkarrizketek, kolaboratzaileek eta agendak ere izango dute tartea.
Hainbat saiok Zintzilik Irratian urte asko daramatzatela ere azpimarratu zuten aurkezpenean. Hala nola, gay, lesbiana eta transexualen aldeko «Milaka Luma»; ekintza eta salaketa uztartzen dituen «Escrache»; ama lurraren aldeko «Desfase Lunar» eta literaturari buruzko «El vuelo del cisne negro».
Arrosa sareko bost irratsaiok ere osatuko dute denboraldi berria. Hain zuzen ere, Arrakala Irratiko «Aittitta Raduga», Matraia Irratiko «Gora Euzkadi Chistulari», Gaztesareako «Irauli Uhinak», Eguzki Irratiaren «Kateak apurtu» eta Hala Bediren «A deslambrar» saioek.