AIZKORA | Euskal Herriko finala
Nazabalek oso erraz jantzi du laugarren txapela
Etxarriko aizkolariak lehen enborretik amaierara kontrolatu zuen lehiaketa. Beti aritu zen aurretik.
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Floren Nazabalek ez zuen hutsik egin atzo, eta aise eraman zuen Euskal Herriko txapela. Laugarren aldiz jantzi du txapel preziatua, eta besteei koska bat kentzen diela argi utzi du.
Bete egin ziren Amurrioko pilotalekuko harmailak final hau zuzenean jarraitzeko asmoarekin. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, lau 60 ontzako eta beste horrenbeste oinbiko moztu behar izan zituen.
Floren Nazabal zen txapela lortzeko faborito bakarra. Denek onartzen zuten. Gainerako finalistek ere bazekiten ezeren okerrik ez zela txapela beretzat izango zela, eta nafarrak ez zuen aurkaririk izan. Hiru minutu pasako aldea kendu zion bigarrenari, eta amaiera aldera lasai aritu zenaren itxura eman zuen.
Abiadura bizian ekin zioten finalari, aurretik pentsatzekoa zen moduan. Lehen enborretan Lopezek eutsi egin zion faboritoari, eta, gainera, bigarrena batera bota zuten. Lezaungoak, ordea, oinbikoetan sartu bitartean bakarrik eutsi zion, handik aurrera atzera geratzen hasi baitzen. Bera atzeraka, eta Azurmendi eta Olasagasti, berriz, gorako bidea egiten hasi ziren; azkenerako, biek pasa zuten Lopez. Atzetik Txapartegi eta Vicente aritu ziren.
Lan erdietara heldu ziren bezalaxe iritsi ziren amaierara ere. Nazabalek 17 minutu eta 8 segundotan amaitu zituen lan erdiak. Bigarren Olasagasti izan zen 18.31ko denborarekin. Azurmendi, Lopez, Txapartegi eta Vicente izan ziren atzetik; amaieran izan zen sailkapen berdina, alegia.
Hortik aurrera Nazabalek nahikoa izan zuen bereari eustearekin, atzetik inork ez baitzuen estutu. Lehen postua erabakita, denak bigarrenari begira geratu ziren. Olasagastik lan bikaina egin zuen, eta berak ere lan erdietan zuen postuari eutsi zion. Azurmendik ere hirugarrenari eutsi zion, baina Arriarangoak lan asko izan zituen postu horretan bukatzeko, amaieran Lopezek gorantz egin baitzuen. Azkenean, ordea, gipuzkoarrak eutsi egin zion bere postuari, eta aizkolari nafarrak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Bosgarrena Txapartegi izan zen, lehen enborretik izan zuen postuarekin. Azkenik, Vicentek bere lehen finala azken postuan amaitu zuen.
Joxemari Olasagasti zen atzoko finaleko aizkolaririk beteranoena, baina lan bikaina egin zuen. Igeldoarrak behetik gora egin zuen, eta amaieran bigarren postuan amaitu zuen, berriro ere maila ona emanez.
Daniel Vicentek atzo jokatu zuen lehen aldiz Euskal Herriko finala, baina Otsagabiakoak azken postuan amaitu zuen lehia. Bere helburua finalean izatea zen, eta hori behintzat lortu du, nahiz eta lana luzea egin zitzaion.