GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Adierazpenak

Floren Nazabal: «Txapel hau da urteko garaipenik handiena»

J.L. | DONOSTIA

Floren Nazabal etxarriarra oso gustura zegoen probaren amaieran. Azkenaldian txapel asko ari da janzten, baina berak garbi dauka zein den garrantzitsuena. «Euskal Herrikoa da urteko lehiaketarik handiena, eta hau irabaztea gauza handia da», esan zuen txapeldunak.

Hori bai, gerrietatik dezente sufritu zuela esan zuen. «Gerriek arazo asko ematen didate eta gaurkoan ere sufritu beharra izan dut, baina azkenean garaipena lortu dut eta hori da garrantzitsuena», aitortu zuen.

Lan erdietatik aurrera nahiko lasai aritu zela ere baieztatu zuen. «Aldea lortu dut eta ez nuen ikusten atzetik inor estutzen; horrek beti konfiantza ematen dizu», erantsi zuen txapeldunak.

Joxemari Olasagasti ere ez zegoen haserre egoteko moduan, bigarren postuarekin oso konforme geratu baitzen. «Nik banekien Nazabalen aurka ez neukala ezer egiterik, eta bigarren postu hori lortu nahian heldu naiz. Hori ere ez nuen erraz ikusten, baina oso ongi ikusi dut nire burua eta hori lortu dut. Hemengo gazte hauek oraindik beste urte pare batean estutuko ditudala uste dut», aitortu zuen.

Aurtengo neguan apusturen bat egitea gustatuko litzaiokeela ere esan zuen Olasagastik: «Negua apusturik gabe luzea da. Gazteren bati jokatuko nioke, baina ez dut nabaritzen apustu giro hori».

Iñaki Azurmendi izan zen hirugarrena. «Epaiekin arazoak izan ditut, eta hor galdu dut denbora. Gero hori berreskuratzea oso zaila izaten da, eta horixe gertatu da. Ea datorren urtean apur bat gehiago estutzen dugun Nazabal», esan zuen.

Lopezengan zaleek bazuten itxaropenik, baina laugarren amaitu zuen. «Ongi hasi naiz, baina tartean betekada bat izan dut. Lan hau luzea da, eta beti izan da erritmo berdina mantendu. Gero bukaeran berriro ere indartu naiz, eta gertu izan dut laugarren postua, baina azkenean ez da posible izan», esan zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo