Iratxe Ibarrak bi zangoak ditu BECen, Fredi Paiak bakarra oraindik
Bi irakasle, Iratxe Ibarra eta Fredi Paia, eta hauen ikasle zenbait bildu zituen atzo Gernikan Bizkaiko Txapelketaren lehen finalerdiak, eta irakasleak atera ziren garaile. Iratxek lortu du BECen kantatzeko txartela, 540 puntu atera baitzituen. Paia ere zango bat barruan duela geratu da, kartzelakoan poto egin arren 524,5ekin bukatu baitzuen. Ibon Ajuria izan zen hirugarrena (508), Jone Uria gero (504,5), Oihana Bartra ondoren (500) eta Amaia Uribe azkenik (426).Joxean AGIRRE | GERNIKA
Iratxe Ibarrak eta Fredi Paiak parekatuago buka zezaketen finalerdia bigarrenak 10eko txikian egin zuen potoagatik izan ez balitz. Berak aitortu zuen bekatua azken agurrean; «Fredik guztia itzela egiten dau, potoa itzela bedi/ zuek gozatzen ikusi eta dena egiten dot zilegi», hasi zuen bertso dotorean.
Une batzuk lehenago egina zuen bekatu hori Iratxerekin batean egokitu zitzaion bertsoaldian. «Fredi eta Iratxe bikote izan zarie urte askotan. Banatzea erabaki duzue, baina etxe berean jarraituko duzue bizitzen», jarri zien gaia Maite Berriozabalek. «Bizimodua ezin eroan hain lasai/ bananduta hobeto alkarregaz alai/ sekula ez gara izan gu alkarren etsai/ zukua amaitu da joan daitela por ahi/ gabeko pelikula pornoak ere bai», kantatu zion Iratxek. «Bazenekien ondo (?) zalea nintzela/ horixe bai izan da kolpea itzela/baina prekabidua lehendik nazela/ eta erosi egin dot behar zen bezala/ ohe aurrean dekot pantaila itzela», kantatu zuen poto eta guzti.
«Beraz egingo dozuz koartoan zirriak/ zeure buruagaz, ai, momentu larriak/ baina niri dinñosta neure egarriak/ zuk be daukazuzula hor zoragarriak/ hona ez eizuz ekarri amante barriak», zirikatu zuen Iratxek eta «Amante barrietan nabil ni oparo/ ta ikusiko dozuz etxean luzaro/ Eroskitik goizean pasatuta nago/ hartu (??) ta minak akabo/ Foruko kubanita iristear dago», kantatu zuen Fredik, Amaia Uribek lehenxeago erabili zuen paperari erreferenzia eginez. Honela amaitu zuen Iratxek: «Kubatar horrek ez dauka itxura santua/ ez da izango nitzat madarikatua/ osau daizula Fredi bere enkantua/ neuk be aprobetatu nahi dot eta momentua/ biontzat ein daiala goizeko zukua». Iratxek hasi eta buka egin zuen saio ona. Kartzelakoan, esaterako, oso goitik ibili zen. «Politikan gainetik ei dago kirola», jarri zion bigarren puntua aurkezleak. «Klaro, euki nahi dabe guztian kontrola/ baina nik ez dot hori onartzen inola/ politikak mobitzen bait dausku odola», erantzun zuen.
Kartzelako gaia jarri zion orduan aurkezleak: «Somaliako uretan zaude petrolio-ontzi batean beharrean mariñel moduan. Halako batean piratek inguratu zaituzte». «Ene, hau zan hau, ezpata dantza/ somaliarrek dakarren martxa/ ingururantza begiratuta, dana ikusten dot baltza (bis)/ Honek ez deuskue itxiko joaten, akabo gure zalantza/ jada ez noa etxerantza/ akabo barriz Gabonetako han egoteko esperantza», bota zuen lehen bertsoan.
«Jefeak eurei zenbat ordena/ guk makurtuta zelako pena/ gainera, ez dabe erraz emongo gu librateko baimena (bis)/ hemen ari, hauxe da gure munduaren ondorena/ nahiz ez zu izan barrena/ okerrena da badakidala errua ez dela eurena», kantatu zuen bigarrena.
«Esan euskuen ibili kontuz/ arriskutsua baita momentuz/ baina hau geure lana da-eta gabiz bideak zabalduz (bis)/ zelan hartuko gaitue ondo beso zabalik eta tajuz/ gure politiken erruz/ eurak gugana datozenean ostikoz hartzen badoguz», kantatu zuen hirugarrena.
Fredik ere une distiratsu asko izan zituen. Kartzelakoan puntuari erantzuten bikain aritu zen. Lehen puntuari, esaterako, «Izena jarriozu selekzioari», alegia, «erabaki ezinak hainbeste min dagi/ batzuk Euskal Herria, besteek Euskadi/ batasuna litzake guztion opari», erantzun zion. «Politikan gainetik ei dago kirola» puntuari, berriz, «baina kirola al da gaur egun futbola/ miloi pila horiei begira nagola/ sarritan irakiten dau nire odola», erantzun zion.
Hala ere, Frediren bertsoaldirik politena Ibon Ajuriarekin egin zuen 8ko txikian, biak gaupasa eginda goizeko mezara sartu zirenean. Lehena antologikoa izan zen. «Gaupasa bat eginda biok parez pare/ Jesukristo, abade, lora ta aldare/ gure auzoko zaharrak kantuan hain grabe/ guzti hau sinisteko zer droga hartu dabe», kantatu zuen eta gisa berekoak izan ziren ondorengoak, baita Ajuriaren erantzunak ere.
Jone Uriak bukaera bikaineko bertso asko bota zituen. Oihane Bartrak ere maila polita erakutsi zuen. Amaia Uribe larriago ibili zen, baina 8ko nagusian Iratxerekin pare bat ale eder utzi zituen. Puntuen urritasuna justifikatzeko bertso polit hau bota zuen azken agurrean. «Nerbiosa ipini naz kamara ikustean/ eske, ez nao ohituta halako trantzean/ ez naz hain txarto ibili denbora luzean/ Athletic zapaturo dabilen antzean/ ridikuloa eginda gainera etxean».
Hiru finalerdietatik hiru bertsolari sartuko dira zuzenean BECeko finalera. Beste bostak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. Atzokotik, beraz, Iratxe Ibarraz gainera pentsatzekoa da Paia ere sailkatuko dela.