GARA > Idatzia > Iritzia > Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Ezin du egun bateko aldarrikapena izan

Gorriz markatuta dago gaurkoa makina bat lagunen egunerokoan. Urte osoan egindako lanaren segidan, borrokarako eta aldarrikapenerako egun seinalatua delako askorentzat; beste batzuentzat, urte osoan zehar gorriak eta bi ikusi dituztenentzat, berriz, elkartasun keinuak jasotzeko eguna delako, indarberritzekoa.

Zenbait bulegotako egutegietan ere seguru nago gorriz makartua dutela egun hau eta apustu egingo nuke honako ohartxoarekin, gainera: «Gaur emakumeen kontrako indarkeriaz hitz egitea tokatzen da». Bai, bestela ez da ulertzen askoren ahotik gaur entzuten diren hitzen eta euren jarrera eta jardueren arteko inkoherentzia eta arduragabetasuna.

Baina ez ditut lerrook hain ohituak gaituzten jarrerak salatzeko baliatuko, ez dut nahi, ez dute merezi. Nahiago dut egunerokoa borroka bilakatu duten milaka lagunez mintzatu; euren keinuak, jarrerak, barru-barruan dauden ideiak zalantzan jarri eta borrokarako bide bilakatu dituzten pertsona horiez, alegia; aberasgarriagoa, justuagoa eta esperantzatsuagoa delako.

Bai, gizarte honetan oraindik ere nork bere eskubideak defendatzeak eta hain errotuta dauden estereotipoak hausteak borrokan aritu beharra dakar berarekin. Nahigabean, pixkanaka, mantso baina etenik gabe; eskolan, etxean, kalean, komunikabideetan eraikitzen da gure baitan emakumeek pairatzen dugun bazterkeriaren funtsa, eta gogor gainera. Horregatik da horren zaila hori etetea; kanpora begira beharrean, nork bere buruan arreta jartzea eta ekinaren ekinaz hain gure egin ditugunak aldatzea, horrek esfortzua eta egonezina dakarrelako.

Esfortzuak esfortzu, egunero-egunero milaka lagunek egiten duten lana da. Gaur askok emakumeen aurkako bazterkeria behingoz amaitzeko aldarrikatuko dute herriko kaleetan. Bihar, etzi, etzidamu... euren etxeetan, lagun taldeetan eta lantokietan jarraituko dute lan bera egiten, eskubideen aldeko borroka ez baita zoritzarrez, egun bakarreko kontua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo