GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Hauspoari eraginez» euskararen sugarrak indartuko dituzte Oionen

Oiongo San Bizente ikastolak antolatuko du laugarrengoz Araba Euskaraz jaia datorren ekainean. Helburua bilerak egiteko eta haurtzaindegia handitzeko eraikin bat egin ahal izateko dirua biltzea izango da.

p018_f01_111x111.jpg

GARA |

«Hauspoari eraginez» lelopean laugarrengoz antolatuko du Oiongo San Bizente ikastolak Araba Euskaraz jai erraldoia. «Kultur sortzailea izateko asmoarekin», dagoeneko «hasi da Araba Euskaraz 2009» adierazi zuten atzo antolatzaileek.

Ekainaren 21ean ospatuko dute ikastolaren jaia eta «aurrekoetan baino asmo handiagoekin gatoz» adierazi zuten. Ikasturtean zehar ekintza ugari egingo dituzte, «horietako asko ekologiarekin uztarturikoak, batez ere Euskal Herrira begira prestatuko diren ekintzak, eta bide batez euskal kultura gure eremura hurbiltzeko aukera emango dutenak». Hala ere, ez da soilik ekintzei begira zuzendutako jaia izango.

Erabilera zabala

Aurtengo Araba Euskaraz jaiak «berritzailea» izan nahi du, eta Ikastolen Elkartearen jaietan izaten den ohiko jantzi eta materialez gain, eskualdean «tipikoak» diren beste bi produktu komertzializatuko dituzte, ardoa eta olioa.

San Bizente ikastolakoen helburu nagusia erabilera zabaleko eraikin bat egitea da, «horrela, jadanik eskaintzen dugun kalitatezko hezkuntza ematen jarraitu ahal izateko». Eraikin horrek, bilerak egiteko tokia eta haurtzaindegia handitzeko aukera ere emango du. Izan ere, hiru urte bitarteko haurrentzat soilik bi gela dituzte.

Bestetik, «une honetako beharrik garrantzitsuena» jantokia dela azaldu zuten. Izan ere, gaur egun eskola publikoko jangela erabiltzen dutenez, bertara oinez joan behar dute, eta «neguan batez ere, txikientzat arazoa izaten da hori».

Ibilbide luzea

Arabar Errioxan finkatutako ikastola da Oiongoa, eta «kalitate eta teknologia berrien erabilerari dagokionez erreferente argia» da inguru horretan.

Duela 30 urte, 1978an, hasi zuen bere ibilbidea San Bizente ikastolak. «Hasierako giro zail hartan proiektua guraso talde batek atera zuen aurrera» esan dute ikastolako arduradunek. Ordutik hona, euskarazko hezkuntza eskaintzeko egiten dute lan. Gaur egun, 170 familia eta 256 ikaslek dihardute lanean «amets eta helburu berarekin».

San Bizente ikastolan hamasei urte bitarteko haurrak biltzen dira, 29 irakaslez osatutako taldearen ardurapean. Gainera, Oiongo ikastolak ez ditu bertako ikasleak bakarrik hartzen, Errioxako Autonomia Erkidegokoak ere joaten baitira bertara. Ikasle horiek garraio zerbitzua beharrezko dute ikastolara joateko, baina, ikastolako arduradunek esan dutenez, «EAEtik kanpoko ikasleak izateagatik ez dugu dirulaguntzarik jasotzen».

Gartxo irribarrez

«Euskararen hazia ereinda dago Oionen» diote antolatzaileek, baina «oraindik haurren bihotzetan gordetako txingar txikia da». Horregatik, txingarrek putz eginda su hartzen dutela-eta «hauspoarekin eragin eta su ederra piztu behar da».

Ideia hori azaltzen du Araba Euskaraz 2009ko logoan agertzen den Gartxo pertsonaiak: euskaraz hitz egitean barre egiten du eta dituen sugar antzeko ileak luzatu egiten zaizkio. «Bere alaitasunak inguruko haurren bihotzak pizteko hauspo lanak egingo ditu».

GARTXO

Gartxo da Araba Euskaraz 2009 jaiko protagonista. «Bere alaitasunak inguruko haurren bihotzak pizteko hauspo lanak egingo ditu» adierazi dute antolatzaileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo