Grabatutako musika entzutea eta irakurketa dira euskal herritarren kultura jarduera hedatuenak
Behatokiak egindako ikerketa baten arabera, euskal herritarren kontsumo kulturala musikan eta irakurketan oinarritzen da, eta atzetik jarraitzen diete zinemara eta kontzertuetara joateko ohiturak.
GARA | BILBO
Miren Azkarate Lakuako Kultura sailburuak aurkeztu zuen atzo Euskal Herriko zazpi lurraldeetan Behatokiak bildutako estatistika hori. Lan horren helburua, azaldu zuenez, kulturaren kontsumoa ezagutzea izan da irakurketari, bertsolaritzari, dantzari, kontzertuei, musikari eta museoetara joateko ohiturei begira. Hamabost urtetik gorako 6.785 pertsonen gaineko laginean egindako inkestaren arabera, euskal herritarrentzat, gehienbat, era askotako irakurketa -informazioa egunkarietan, liburuak-, eta grabatutako musika entzutea dira zaletasun kulturalik azpimarragarrienak. Horien atzetik daude zinemara joateko ohitura eta musika garaikideko kontzertuez gozatzea. Antzerkia, bertsolaritza eta musika klasikoko ikuskizunek bost puntu lortu dituzte batez beste, eta horiek baino maila baxuagoan geratu dira museoetara, liburutegira, arte galerietara, dantza ikuskizunetara eta emanaldi lirikoetara joateko ohiturak.
Desberdintasunak
Azkarateren arabera, inkestak argi erakusten du «kultura kontsumoaren ohiturak» lurralde batetik bestera aldatu egiten direla. Esate baterako, Ipar Euskal Herriko biztanleek joan-etorria egin beharrik ez duten jarduerak egin ohi dituzte, hau da, etxetik mugitu gabe irakurtzea edota musika entzutea. Nafarrek, aitzitik, euren etxeetatik kanpo antolatzen diren ekinbideetan parte hartzeko joera handiagoa dute (kontzertuak, zinema aretoak eta liburutegiak), Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako biztanleek museoetara joan eta egunkariak irakurtzeko ohitura duten bitartean. Halaber, denbora falta (%45entzat) eta ikuskizunen balio ekonomikoa (%38rentzat) dira «jarduera kulturalak ez gauzatzerako orduan gehien eragiten duten faktoreak». Lan horretan, gainera, Euskal Herrian lortutako emaitzak Estatu espainolean eta Europar Batasunean izandakoekin alderatzen dira. Horrela, euskal herritarrek 11,1 puntutan gainditzen dute espainiarren eta europarren batez bestekoa eguneroko prentsa irakurtzerako orduan, baina 11 puntu beherago geratzen dira arte eszenikoen ikuskizunetara joateari dagokionez.
Azkaratek uste du lehenengo ikerketa horrek Euskal Herri osoko biztanleek dituzten ohitura kulturalen «argazkia» lortzeko baliagarri izan dela eta, bertan lortutako emaitzak «kontuan hartu beharko dira», nahiz eta «Estatu espainoleko eta Europako batez besteko datuak ikusita arrazoizko egoera batean gauden».
Euskal herritarrek europarrek baino liburu gehiago irakurtzen dituzte eta maizago joaten dira kontzertuetara eta zinemara. Antzokira eta liburutegira joateko ohitura, ordea, baxuagoa da.