GARA > Idatzia > > Mundua

RAFeko preso Christian Klar aske geratuko da urtarrilean, 26 urte ostean

Christian Klar preso alemaniarra libre geratuko da urtarrilean 26 urtez preso egon ostean. RAF taldeko buru izatea leporatu zioten, baita hogei heriotzatan edo eragiteko saiotan esku hartzea ere. Herri salatariak eta kartzelako zuzendaritzak aske gelditzea gomendatu zuten.

GARA |

Armada Gorriaren Adarreko (RAFeko) buru izatea leporatu zioten Christian Klar-i 1985ean, baita hogei heriotzatan edo hori eragiteko saiotan parte hartzea ere. Ihesean urte mordoa eman ondoren, 1982ko azaroan atxilotu zuten. Geroztik, preso egon da. Atzo, Stuttgarteko Lurralde Auzitegiak baldintzapean aske uzteko agindua eman zuen. Talde hartako buruzagien artean preso segitzen duen bakarra da Klar, aurretik Brigitte Mohnhaupt libre utzi zuten-eta.

Biziarteko bost zigor zeuzkan, besteak beste, enpresaburuen elkarteko nagusi Hans Martin Schleyerren, Siegfried Buback herri salatari orokorraren eta Jürgen Ponto bankariaren heriotzengatik. Dena den, RAFek 1970 eta 1991 bitartean eginiko ekintzak «kolektiboak» izan zirela nabarmendu zuen, beraz, ikertzaileek ez dakite zeintzuk diren egile zehatzak.

Andreas Baader, Gudrum Ensslin eta Jan-Carl Raspe presoen askapena exijitzeko bahitu zuen RAFek Schleyer. Hirurak hilda agertu ziren beren ziegetan. Talde armatua duela hamar urte desegin zen.

Iaz, Horst Khler presidente alemanak atzera bota zuen Klar-ek aurkeztu zuen barkamen eskaera. Aldez aurretik berarekin elkarrizketatu zen espetxean. 2003an, orduko presidente Johannes Rau sozialdemokratak ere ez zuen onartu. Orain, herri salatari berak eta Bruchsal espetxeko zuzendaritzaren gomendioari jarraituz, Stuttgarteko Lurralde Auzitegiak Klar-i -56 urte ditu-, baldintzapeko askatasuna ematea erabaki du.

Berliner Ensembleko zuzendari orokorrak, Claus Peymannek Bertolt Brecht-ek sortutako antzerkian praktikak egiteko eskaintza egin dio. Kalera ateratzean, ez duela ez adierazpenik, ez agerraldirik egingo esan du.

zalaparta

Brigitte Mohnhaupt iaz irten zen espetxetik. Hedabideetan oihartzun handia izan zuen albisteak. Haren bizilekuaren eta lantokiaren datua eta guzti eman zituzten. Klar askatuta, RAFeko preso bakarra Birgit Hogefeld, 52 urtekoa, izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo