GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna

Egun asko, baina berriz ere aldaketa gutxi

Urtea amaitzear dagoela ospatzen da urtero mundu osoan Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Eguna eta horrek balantzea egiteko aukera ematen du. Aurtengoa desberdina izan da, baina finean, berdina. Euskal Herrian bost emakumek galdu dute bizia eta milakak sufritu behar izan dituzte erasoak han eta hemen. Izenak aldatu dira, baina arazoak lehengoa izaten jarraitzen du. Beraz, aurten iazko aldarri berak izango dira kalean.

P002_F01.jpg

Maider EIZMENDI

Modu batera edo bestera, ageriago edota apalago, baina oro har emakumeen bizimoduan eragiten duen lakra hau mundu zabalean dago orokortuta.

Salaketarako eguna izango da gaur. Euskal Herrian makina bat lagun aterako dira kalera, aurtengoan ere bost heriotza eta eraso andana eragin dituen fenomenoa gaitzetsi eta behingoz arazoari errotik heldu eta amai dadin beharrezkoak diren neurriak har daitezela eskatzeko, iaz egin zen bezalatsu.

Eskaerak eskaera eta neurriak neurri, arazoak bere horretan jarraitu du beste urte batez. Urtea hastearekin batera utzi zuen aurten ere emakumeen aurkako indarkeriak lehen biktima. Tatiele de Sousa Neres 20 urteko neska bere bikotekideak, 24 urteko gazteak, hil zuen. Tratu txarrak behin eta berriz jasan zituen, baina laguntza eske joateko zailtasun gehigarriak zituen, bere kontra kanporatzeko agindua baitzegoen. Hil ondoren jakin zen beldurraren beldurrez bizi zela emakumea.

Uztailean, Euskal Herria Iruñeko sanferminak ospatzen ari zela eragin zuen indarkeria sexistak 2008ko bigarren heriotza. Nagore Laffage 20 urteko gazte irundarraren gorpua Orondritzen topatu zuen poliziak. Bertaraino eraman zuen ordu batzuk lehenago bere ustezko hiltzaileak, 27 urteko gazteak, jai giroan igarotako gau baten ostean itota.

Handik hilabete pasatxora, hirugarren heriotza. Oraingoan biktimak, Estibaliz Angulok, 72 urte zituen. Poliziak aurkitu zuen bere gorpua Mañuetako bere etxean, lepoan ebakia zuela. Segituan atxilotu zuten haren senarra, emazte hil ostean bere buruari zauriak eragin zizkiona, eta egun batzuk ospitalean izan eta gero kartzelatzeko agindua eman zuten.

Urruñan laugarrena, Carlota Ortuzar, 60 urteko emakumea, irailaren hasieran. Etxeko langileak aurkitu zituen emakumearen eta honen senarraren gorpuak goizean, lanera zihoanean. Autopsiak egiaztatu zuen emakumea kolpatua izan zela eta itota hil zela. Hura hil ondoren, senarrak igerilekura bota zuen bere burua, harriz beteriko poltsei lotuta.

Doccas David 26 urteko emakumea bilakatu zen pasa den urriaren 5ean emakumeen aurkako indarkeriak aurten eragin duen bosgarren hildakoa. Senarrak hil zuen Santurtzin zuten etxean. Hil ostean kontatu zuten bizilagun eta gertukoek Sierra Leonan jaiotako emakumea maiz kolpatzen zuela bere senarrak. Udaltzainei ere deitu zien hil baino hilabete lehenago baina ez zuen salaketa jarri nahi izango, ingurukoek zioten moduan, «beldur handia» zuelako. Udaletik ez zuten bere kasua epaitegietan salatu.

Bost heriotza, bost istorio, bost bizitza proiektu, nork bere erakoak. Aspaldian adierazi zuen emakumeen eskubideen aldarrian aitzindari lanak egin dituen mugimendu feministak, indarkeria sexistak ez duela ez adinik eta ez bestelako ezaugarririk bereizten. Aurten agerian geratu da hori, itxura batean hain bizi ibilbide ezberdinak zituzten emakumeak parez pare indarkeria sexistaren aurpegirik bortitzenarekin topatu direlako.

Bost dira hildakoak, baina ezin da ahaztu oraindik ere jakiteko dagoela zer gertatu zaion Maria Puy Perez lizarratarrari. Urriaren 11n ikusi zuten azken aldiz emakumea, eta ordudanik bilaketa etengabea izan bada ere, ez dute haren arrastorik ere aurkitu. Bere bikotekide izandako gizona kartzelan dago, urruntze agindua ez errespetatzeagatik eta etxean arma mordoa pilatuta zituelako.

Baina hamabi hilabete hauek, hori eta askoz gehiagorako ere eman dute, zoritxarrez. Denbora kontaera honetan tartean zenbatu ezinak dira erasoak jasan dituzten emakumeak. Kolpeak batzuk, sexu erasoak beste batzuk, irainak; etxean, kalean eta jai giroan. Aurtengoa, bereziki, gogorra gertatu da jai giroan gertatu diren sexu erasoei begiratuz gero. Villabonan, Donostian, Bilbon, Barañainen... Horiek ezagutzen direnak, eta beste hainbeste oharkabean pasatu dira.

Baina, urtero-urtero zabaltzen diren mezuak mezu eta eskaerak eskaera emakumeen aurkako erasoak tantaka datoz, geldialdirik gabe. Atzo bertan, ezagutzera eman zen larunbatean Gasteizko kaleetan beste emakumea bati eraso egin ziola bere bikotekide izandako gizonak. Emakumeak berak deitu zuen Udaltzaingora, erasotzaileak kolpatu eta iraindu zuela salatzeko.

 
Egungo gazteen artean ez dago aldaketarako seinale handirik

UPV-EHUko Soziologia Saileko irakasle batzuk egindako ikerketak agerian utzi du gazteen artean oraindik ere oso errotuta daudela ideia eta balore matxistak. 18 eta 20 urte bitarteko gazteen artera joz egin den lanean nabarmentzen denez, «sozializatu diren testuinguru kulturaletan maitasunari buruz dauden ideiak eta baloreak, maitasun ereduak, eta erakargarritasunaren eredu femeninoak nahiz maskulinoak, gizonen menderapen egiturarenak berarenak dira». Eta hain justu, ikerketa honen arabera, balore horiek dira harreman afektiboak eta sexualak bideratzen dituztenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo