GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Europar Batasunean ere independentzia aukera

Groenlandiak, Danimarkako Erresumaren administrazio peko uharte handiak, autonomia estatutuari heldu zion 1979an. Baina ez zioten nahikoa iritzi autonomia maila hari eta bere buruaren jabe izateko bideak gaurko bozketara ekarri ditu. Hautestontzietan Danimarkako Gobernuarekin hitzartutako proiektua berretsi edo ez erabakiko dute herritarrek, eta inkestek diotenez, gehienak estatutu berriaren alde agertuko dira. Hartara, autonomia maila handiagoa izango dute. Gainera, agintariak hautatzera ez ezik, bestelako erabakiak hartzera ere ohituta daude Groenlandiako herritarrak; esate baterako, 1973an Danimarkari lotuta Europar Batasunera sartu baziren ere, 1982an handik ateratzea erabaki zuten, eta hiru urte geroago, baita atera ere. Kirol selekzio ofizialak ere badituzte... Nolanahi ere, aurrerapausorik funtsezkoena independentzia ere eskuratu ahal izatea dute. Izan ere, independente izango dira erreferendum bidez hala erabakitzen dutenean. Agian Groenlandia, inuitak -hango biztanle gehienak- oso urruneko sumatzen dira Europatik, baina Europako, Europar Batasuneko estatu batek, hain zuzen, administratzen ditu. Europar Batasunean ere horrelako prozesuak normaltasun osoz egitea posible da. Independentziaraino, herritarren borondateak jartzen duen mugaraino, hain zuzen. Eta hori benetako jardun demokratikoa da .

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo