Kalitate handiko igandea Donostian eta Laudion
GARA | DONOSTIA
Tradizioari jarraituz, Donostiako Maratoia eta Laudioko Krosa aurkeztu zituzten atzo. Bi proba horiek hilaren 30ean, igandea, ospatuko dira; hala, euskal atletismoa kalitatez jantziko du egun horrek.
Euskal Herriko maratoirik zaharrenak, Donostiakoak, 30. edizioa izango du aurten. Atzo esan zutenez, 1993an izan zuen parte hartzerik handiena -3.311 korrikalari- eta marka hori hautsiko omen da datorren igandean.
Hori dela eta, jendetza espero denez eta irteeran pilaketarik egon ez dadin, partehartzaileen markaren arabera antolatuko da irteera. Lehenik, hiru ordu baino gutxiagoko marka frogatzen dutenak irtengo dira, ondoren, hiru ordu eta erdi baino gutxiagoko marka dutenak eta, azkenik, hiru ordu eta erdi eta lau ordu bitarteko marka egiaztatzen dutenak.
Korrikalarien Azoka, berriz, ostiralean, hilak 28, zabalduko da Anoetako Estadioan. Izena eman dutenek zenbakia jaso ahal izango dute 07.00etatik 21.00etara; larunbatean, 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 20.00etara. Lasterketa egunean, berriz, goizeko zazpi eta erdietatik aurrera jaso ahal izango dute zenbakia. Madrid hiribidetik abiatuko da lasterketa, 09.00etatik aurrera. Irabazleak aurreko marka hautsiz gero 6.000 euroko saria ere jasoko du.
Parte hartze bikaina Laudion
Laudion, berriz, Nazioarteko XXV. Laudioko Harana Krosa jokatuko da igande eguerdian. Maila handiko korrikalariek hartuko dute parte Arabako lasterketan.
Hala, Munduko Kros Txapelketako txapeldunorde Leonard Komon kenyarra, Laudion birritan irabazle izandako Etiopiako Tariku Bekele eta Europako txapeldunorde Mohamed Mustafa izango dira protagonista gizonezkoetan. Emakumeetan, berriz, Kenyako Linet Ch. Masai -Munduko Kros Txapelketan hirugarren- eta Margaret Muriuki eta Hungariako Aniko Kalovics, 2005ean Laudion irabazle izandakoa, dira faborito.
Azkenik, Amara Kirol Elkarteak antolatutako abenduaren 31ko Donostiako San Silvestre Lasterketan izena emateko epea gaur irekiko da. Proba 15.00etan hasiko da, 2.000 pertsonek har dezakete parte. Mozorrotuta joaten direnek oparia ere izango dute. Lasterketak «Satza Oroimena» izena izango du aurtengoan ere. Informazioa eta izena ematea www.sansilvestredonostiarra.com-en.