GARA > Idatzia > > Mundua

Eskola publiko batetik gurutzeak kentzeak gotzainen haserrea piztu du

Valladolideko eskola publiko bateko ikasgeletatik gurutzea kentzeak sutan jarri ditu Estatu espainoleko gotzainak eta Vatikanoa bera ere. Horren aurrean, gurutzeak kentzeko eskatu zutenek estatu laiko batean legeak agintzen duena betetzea baino ez dutela nahi esan dute.

Martxelo DIAZ |

Valladolid hiriko epaile batek bertako Macias Picavea eskola publikoan dauden gurutzeak kentzeak Estatu espainoleko gotzainen haserrea piztu du.

Afera Vatikanoraino heldu da, eta bertako Kulturako Kontseilu Pontifizioko presidente Gianfranco Ravasiren arabera, gurutzea «biktimen oinazearen isla» da eta «kristautasuna gure mundutik kentzen badugu, aurpegirik gabeko pertsonak bilakatzen gara». Estatu espainoleko komunikabide ugaritan gai honen inguruko eztabaida saioak izan dira azken egunotan.

Sevillako Carlos Amigo kardinalak, berriz, epailearen erabakia Estatu espainolean indarrean dagoen «kristofobiaren» isla dela adierazi zuen.

Valladolideko artzapezpiku Braulio Rodriguez Plazak gurutzeak ez duela inor mintzen nabarmendu zuen Radio Vaticanon, «bakearen eta maitasunaren sinboloa» dela adierazita.

Gaztela eta Leongo Gobernuak (PP) ere epailearen erabakiaren aurkako helegitea aurkezteko asmoa duela adierazi du Juan Vicente Herrera presidenteak.

Gurutzea ken zezaten eskatu zuen Eskola Laikoa taldeko eledun Fernando Pastorrek GARAri azaldu zionez, Estatu espainolean izan diren erreakzioak «neurriz kanpokoak izan dira, izan ere, guk legea aplika dadila besterik ez dugu eskatu. Eta horretarako, hiru urte eman behar izan ditugu epaitegietan».

«Estatu espainolak bere burua laikotzat jotzen badu ere, argi dago ez dela legeak agintzen duen laikotasun hori bermatzeko gai», adierazi zuen Pastorrek.

Valladolideko guraso honen esanetan, «eskola publiko bati buruz ari gara, ez eskola katoliko bati buruz. Horrenbestez, argi eta garbi dago gune hori ezin dela, inola ere ez, konfesionala izan».

Eliza katolikoko buruek auzi honetan izan duten erantzuna ulergarria dela dio Pastorrek. «Orain arte izan dituzten pribilegioak mantendu nahi dituzte. Oso ulergarria da, baina ez da, inolaz ere, justua», esan zuen.

Bere iritziz, gotzainek Estatu espainolean katolikoen aurkako zapalkuntza dagoela saldu nahi dute. «Ez da egia, baina horrekin zenbait jenderen babesa lortu nahi dute eta lortzen ari dira».

Gauzak horrela, Valladolideko Macias Picavea eskolako haurren guraso batzuek, Pastor iraindu zuten duela gutxi alaba eskolara zeramanean.

Legeak agintzen duena bete ordez, Estatuak gurutzeak mantentzearen ardura eskoletako zuzendarien esku uztea utzikeriatzat jo du Pastorrek. Valladolideko kasuan, eskolako zuzendariak katoliko eskuindarren pentsamoldea du.

«kristofobia»

«Estatu espainolean bizirik dagoen erlijioarekiko gorrotoa eta `kristofobia' estaltzeko erabiltzen dira legeak eta eskubideen eta askatasunaren aldeko aldarriak», esan du Vatikanoko «L'Osservatore Romano» egunkariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo