GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Auzitegi Goren espainolaren bi kanak

Euskal Herriko gertaera politikoak -maiz arlo judizialean ebazten direnak- jarraitzen dituen edonork aski ezaguna du «autore delitu penala» delako kontzeptu juridikoa. Akusatua, egin duenagatik barik, denagatik zigortzen duena, alegia. Ezaguna da hainbat euskal erakunderen kontrako prozesuetan hartaz baliatu izana salatu baitute euskal abokatuek eta Giza Eskubideen aldeko zenbait erakundek. Oraindik orain, ordea, ez dira ez euskal abokatuak, ez Giza Eskubideen aldeko erakundeak izan kontzeptu hori aipatu dutenak, Estatu espainoleko Auzitegi Gorena baizik, Auzitegi Nazionalaren ebazpen bat zuzendu duenean. Jarrai, Haika eta Segiren kontrako auzian, erakunde bat, armarik ezean, terroristatzat ezin jo daitekeela zioen ebazpena «zuzendu», eta Garzonen tesia bere egin zuen auzitegi berberak orain kontrako argudioak erabili ditu «Operación Nova» delakoaren ondorioz hainbat lagun musulman zigortu zituen ebazpena aldatzeko. Ideiei Kode Penalaren bidez eta argudiorik gabe aurre egiteko arriskuaz ohartarazi du Gorenak, NBEren Giza Eskubideen Batzordeak Kode Penal espainolari egindako gomendioei jarraituz. Madrilgo Gobernuari, baina, ez dirudi kezka handia sortzen dionik ez NBEren gaitzespenak, ez Gorenaren ebazpen horrek. Aitzitik, ebazpena arau penalak berriro ere aldatzeko arrazoia du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo