Lesioak
Baliteke Xabi Prieto zelaira itzultzea Balaidosen
Irailean min hartu ondoren, erdilaria hasi da taldearekin lanean, oraindik mina sumatzen duen arren.
GARA | DONOSTIA
Realeko erizaindegitik, halako batean, albiste on bat jaso dugu. Baliteke Xabi Prietok Balaidosen jokatzeko aukera izatea.
Jokalaria bera zuhur aritu zen atzo, oraindik molestia batzuk dituela-eta astean zehar horiek gainditu zain, baina ez zuen baztertu taldekideekin batera aritzea, minutu gutxi batzuetan besterik ez bada ere. «Zer edo zer nabaritzen dut oraindik, baina normala da, desagertuko den molestiaren bat besterik ez da», azaldu zuen erdilariak lan-saioaren ostean. Berragerpenari dagokionez, Prietok ez du itxaropen ustelik eman nahi ziur egon arte: «Oraindik asteartea da, eta ikusiko dugu asteak aurrera egin ahala nola nagoen. Erritmoa hartu eta sasoia berreskuratu behar dut, eta gero medikuek eta entrenatzaileak erabaki beharko dute», onartu zuen. Argi dago, hala ere, jokalaria gogotsu dagoela: «Futbolarekin gozatzeko, jokatzeko, korrika egiteko, futbolariok ohiko ditugun gauzak egiteko sekulako gogoa dut».
Taldera gutxika itzuli beharko duen arren, aspalditik espero zen albistea da. Bai erdilariak berak Realaren jokoari ekarritakoagatik, baita talde donostiarra hankamotz dabilelako, talde murritza edukitzeaz gain, jokalarien %25 min hartuta baitago.
Ia Prietorekin batera min hartutako Elustondo ez da oraindik osatu -bere kasuan, gainera, ez dago noizko osatuko den jakiterik-. Horixe bera gertatzen da Iñigo Diaz de Ceriorekin. Azken aste hauetan, Drame eta Sergio Rodriguez beraiekin elkartu dira, biek zuntz haustura dute, eta dirudienez aurtengoan ez dute beste partidarik jokatzeko aukerarik izango.
Zoritxarrez, ez dira bi horiek zerrendako azkenak; Xabi Castillok ezin izan zuen atzoko lan-saioa amaitu eta Necatik ez zuen parte hartu ere. Azken hauek dituzten arazoak, behintzat, ez dira larriak -bihurdura txikia bizkaitarrak eta mina aduktorean aurrelariak- eta, ustekaberik ez badago, biak egongo dira Vigoko hitzordurako prest.
Gorriz egutegian
Egutegian gorriz biribildutako partida honi buruz Mikel Aranburuk atzo azpimarratu zuenez, mailan dagoen berdintasuna ikusita, «bi garaipen jarraian lortuz gero, goiko taldeak harrapatzea lortuko genuke».
Gauza bera gertatzen da Vigon, hala ere. Oso hasiera kaskarra gauzatu ondoren, badirudi bolada onari ekin diola Celtak eta igoera postuetara gerturatzea du hurrengo helburua -Realak baino puntu bat gutxiago besterik ez du-. Larunbateko partida, beraz, oso garrantzitsua da galiziarrentzat ere, Michuren esanetan. «Goian egoteko aukera emango liguke Reala mendean hartzeak. Ez da erraza izango, oso talde ona baitu, baina nolabaiteko abantaila dugula uste dut, etxean jokatuko baitugu eta goranzko ibilbidea hasi baitugu», esan zuen.