GARA > Idatzia > > Ekonomia

Akitaniako Kontseiluak 96.000 euroko laguntza emango dio Estatuarekin auzitan dagoen EHLGri

Maite UBIRIA |

Bezperan Kazeta.infok eta «Le Journal du Pays Basque»k argitaratutako elkarrizketan Frantxoa Maitia eskualdeko kontseilariak egindako iragarpena baieztatu egin zuen atzo Mixel Berhokoirigoin Euskal Herriko Laborantza Ganberako (EHLG) lehendakariak. Horrela, Akitaniako Kontseiluko Exekutiboak laborarien elkarteari 96.000 euroko dirulaguntza ematea deliberatu du.

Erabaki horrekin sozialisten agindupean dagoen erakundea aurrez aurre jarri da Estatuak orain artean EHLGrekiko erakutsi izan duen jarrerarekin. Izan ere, prefetak hainbat herriko etxe auzitara eraman zituen Ganberari dirulaguntzak ematea onartzeagatik -gehienetan kopuru txikikoak oso-. EHLGk Estatuko erakunde baten lekua betetzen duelakoan, Berhokoirigoin bera epaitua izango da.

Iaz Akitaniako Kontseiluak 500 euro eman zizkion EHLGri urari buruz antolatu zuen forumaren gastuei aurre egiteko. Alta, ordutik dirulaguntza gehiago ez emateko presioak izan dituztela adierazi du kontseilariak, batez ere Paueko Laborantza Ganberatik, Akitaniako eskualdeko Ganberatik eta prefetaren aldetik. Maitiak, ordea, «beste zenbait elkarteen proiektuak» bezala, EHLGrenak ere diruz laguntzea «normaltzat» jo du eta, bere ustetan, prefetak ez luke horren aurka egin beharko.

Horrez gain, Maitiak iragarri du urtarrilaren 29an EHLGko lehendakariari egingo dioten epaiketan bera ere bertan izango dela.

«Urrats garrantzitsua»

Egoera honetan Akitaniako Kontseiluak egindako urratsa oso garrantzitsua da Berhokoirigoineren iritziz: «Gure helburuak lortzeko bidean jarraitzeko laguntza da eta auziari begira gure aldeko argudio handia ere bada».

2008an eta 2009an EHLGk gauzatuko dituen lau programetara bideratuko da dirulaguntza, zehazki, ardi ekoizpenean AOC sor-marka bultzatzeko; laborari gazteen instalatzea sustatzeko; euskal xerriaren AOC izendapena laguntzeko eta laborariei zerbitzua emateko aurreikusi diren inbertsioei aurre egiteko. Azken programa horretan sartzen da, esaterako, gaztategi ibiltaria. «Lanabes eta tresneria hori laborarientzat laguntza handikoa» izango dela nabarmendu du EHLGko lehendakariak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo