Bizitzaren aldeko nobela eman du Fernando Morillok Txalapartan, «Zure arimaren truke»
Zientzia era dibulgatiboan landu du Fernando Morillok «Zure arimaren truke» nobelan. Ikerlari baten eta gaitz larriak jota dagoen neska baten arteko maitasun istorioa kontatzen du ezusteko bukaera duen lanak.
A. BILBAO | BILBO
Fernando Morillok (Azpeitia, 1974) «Zure arimaren truke» aurkeztu zuen atzo, Txalapartan argitaratu duen aurreneko lana eta argitaletxeko arduradun Mikel Sotoren esanetan, «bide luze baten lehen urratsa izan daitekeena».
«Gloria mundi» lanean egin zuen legez, lan berri honetan ere «zientzia modu dibulgatiboan aurkezten du» idazleak, editorearen hitzekin jarraituz. «Abiadura eta erritmo bizia du eta bukaera ez da oharkabean pasako, adarjotze sentsazioa uzten baitu», bukatu zuen Sotok, irakurlea defendatu eta aldez aurretik ohartaraziz.
Maitasun hiruki bat aurkezten du Morilloren esanetan «bizitzaren aldekoa» den nobelak. Bernat dugu bertako protagonista, «jeinu samarra den zientzialaria». Iruri neskalaguna minbiziak jota du Bernatek, eta «maite duena zaintzen bere ondoan egon edo ezinezko borrokari ekin eta sendagarriren bat lortzen saiatu», erabaki latza hartu beharko du «beste inoiz ere zientzia aurkikuntza harrigarriak» eginak dituen Bernatek. Liburuari beharrezkoa duen tentsioa emateko, bi protagonistek inguruan izango dituzte Kike espirituala, Iruriren mutil lagun ohia, eta Maren leiala ere, Bernaten lankidea.
«Minbiziaren aurkako lubakietan dabiltzan heroi isil guztiei» eskainia dagoen nobelak, beraz, heriotza du gainditu beharreko arerioa eta «bide xelebrea ibiliko du» protagonista ikerlariak borroka horretan.
Idazle oparoa
Azpeitiarrak Haur eta Gazte Literaturako Euskadi Saria jaso zuen 2003an, «Izar Malkoak» liburuarekin, eta hainbat genero landu izan ditu, izan nobela, saiakera, biografia zein itzulpena. Aurten, esaterako, bi lan plazaratu berri ditu. «Suminaren estrategia» bata, Elkar argitaletxean, eta atzo aurkeztu zuen «Zure arimaren truke» bestea.
Txikitatik du zientzia zaletasuna Morillok -atzo Einsteinen biografia irakurri zueneko garaia gogoratu zuen-, eta erreferentzia artistikoak ere ageri dituen arren, egun ikerkuntza munduak darabiltzan gaiez zipriztindu du nobela.