Euskal sortzaileen memoriarik intimoena islatzen duen proiektua
Zinebik bere 50. urteurrena ospatzen jarraitzen du Bilbon. Proiektuak aurkezten ari dira etengabe eta ekintza ugari prestatzen dituzte egunez egun. Gaurkoan ere, makina bat film izango da ikusgai hiriko hainbat lekutan.
Ianire RENOBALES | BILBO
Zinebiren 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi ugari prestatzen ari dira azken egunotan, Bilbon. Oraingoan, «Kulturaren Memoria Biziduna» aurkeztu dute Bilboko Arte Ederretako Museoan. SGAEk eta Buñuel Institutuaren laguntzaz sortu da proiektua, eta Euskal Herrian, Joaquin Trincado eta Ana Murugarren arduratzen dira bideratzeaz. Estatu espainolean kulturari atxikitako gizon eta emakumeen testigantzak jasotzea eta gordetzea da horren xedea.
Antolatzaileen aburuz, orokorrean, «egun, artisten oso irudi gutxi ditugu eskura», eta egoera horri amaiera emateko asmoz abiarazi dute Memoria. Horretarako, azken hogeita hamar urteetan izandako zinemagile, idazle, filosofo, margolari, zuzenda- ri, musikari edo aktoreekin hitz egin dute. Ikuspegi intimoa eta pertsonala transmititu nahi dute lan honekin. Oraingoz hirurogeita hamar bat elkarrizketa baino gehiago egin dituzte, ibilbide sendo eta finko bat duten pertsonei edota lan berriak etengabe aurkezten ari direnei grabatuz. Hitzaldi hauek ez dute ez gai zehatzik, ez iraupen mugaturik; hala ere, parametro batzuk zaintzen dituzte kasu orotan. Adibidez, artistaren ibilbide osoa eta lan esanguratsuenak nolabait aztertzea.
Egitasmo honetan hainbat euskal autorek badute euren lekua, eta hala, Natxo de Felipek, Kepa Junkerak, Fernando Larruquertek, Ramon Bareak, Fernando Savaterrek, Ramiro Pinillak eta Menchu Galek jada egin dute euren elkarrizketa. Hurrengo hileetan, Joaquin Achucarro, Mikel Laboa, Nestor Basterretxea, Juan Bas, Montxo Armendariz, Ivan Zulueta, Pio Caro Baroja, Maria Bayo edo Agustin Ibarrola, besteak beste, elkarrizketatzekotan dira.
Antolatzaileek «artistak hautatzeko orduan izandako askatasuna» nabarmendu dute. Mota askotako jakitunak bildu dituzte oztoporik gabe. Sorkuntza kulturalari egindako omenaldia bihurtu nahi dute proiektu hau, eta ez edozeinek kontsulta dezakeen irudi artxibategi bat. Hala, «Kulturaren Memoria Biziduna»k ikerkuntza lanetarako zein ikaskuntza propiorako ateak zabalik izango ditu.
Proiektua aurrera eraman ahal izateko, sarritan, autoreen etxeetara edo ingurura hurbildu dira antolatzaileak. Horiek horrela, trabak izaten dira askotan, eta prozesua moteldu egiten da. «Artista bakoitza mundu bat da», azaldu dute, eta konplizitate giroa sortzeko denbora behar da. Esaldi batean laburbil daiteke proiektu hau: «Memoriak, sortzaile bakoitzaren barne-barneko eta berezko begirada transmititzeaz gain, azken hiru hamarkadetan euskal kulturaren munduan bizitako perspektiba ere eskaintzen du. Horrela, denbora luze honetan artistek egindako ibilbidea errazago ulertu ahal izango da».
Aukera oparoa gaurkoa
Egunero lez, Zinebik eskaintza oparoa jartzen du aukeran, eta Bilboko hainbat lekutan proiekzioak izango dira.
Arriaga antzokian, adibidez, ekitaldi ugari izango dira. Goizean Zineskolak hartuko du protagonismoa (10.00etan), eta arratsaldean Nazioarteko Lehiaketaren laugarren emanaldia izango da (17.30ean). Bertan, Hungaria, Estatu espainola, AEB, Estatu frantsesa, Belgika, Estonia eta Mexikoko lanak izango dira ikusgai. Gai anitz azalduko dira lehiatuko diren filmetan eta iraupen desberdinekoak dira guztiak. Iluntzean, 20.00etan lehiaketaren bosgarren emanaldia hasiko da, Holanda, Errusia, Britainia Handia, AEB, Alemania eta Estatu frantsesetik etorritako pelikulak eskainiko dituzte. Gauean, ostera, 22.30ean, Estatu espainolean ekoitzitako hamaika lan egongo dira ikusgai «Estatu espainoleko informagarriak» atalean.
Guggenheim museoan bi ekitaldi egingo dituzte: 18.00etan, Richard Lesterri omenaldia egin, eta bi film emango dituzte, «The running jumping & standing still film» eta «The knack and how to get it». Gero, 20.00etan, proiekzio berezien atalean «Parque Via» Rivero mexikarraren filma eskainiko dute.
Zinebi Gunean, EX IS 2008 «Irudi eta Soinuzko Esperimentala» jaialdiaren bigarren eguna izango da. Tratamendu esperimentalen, bideo-instalazioen eta performanceen bidez irudi eta soinu berriak eskainiko dituzte beste behin. Gainera, Scratch-Videa Caostica vjs Travis &Cuajo jaia izango da 22.00etan.
Bilborocken «Venezuela plano laburrean» ekitaldia egingo da. Herrialde horretan ekoitzitako bost pelikula proiektatuko dira gaztelaniaz.
Azkenik, Barrainkuako Udal Zentroan, 19.30ean Euskal Herrian sortutako lan bat egongo da ikusgai, Imanol Uriberen «Adios Pequeña».
Gizarteak artistak hobeto ezagutu ditzan abiarazi dute proiekua. Autore hauek egindako bidea euren hitzetan entzuteko eta ikusteko parada ematen du Memoriak, «zorionez, denetarik dago».
Arriaga antzokia:
17.30. Lehiaketako 4. saioa
20.00. Lehiaketako 5. saioa
Guggenheim: 18.00 Richar Lesterri omenaldia.
20.00. Proiekzio bereziak.
Zinebi Gunea: 20.00 EX IS.
22.00. Scratch-Videa Caostica VJS Travis & Cuajo jaia.
Atzo hasi zen, eta hiru egun iraungo du, «Irudi eta Soinuzko Esperimentala» erakusketa eta lehiaketa. Arratsaldero, 20.00etan lanak proiektatuko dira Zinebi Gunean -sarrera doakoa izango da-. Ikus-entzunezko sorkuntza garaikidea sustatzea da lehenengo edizio honen helburua. Ohiko pantailatik irten eta performancearen eta tratamendu esperimentalen bidez irudiaren eta soinuaren ikuspegi berriak sortzen dira. Horretaz gain, Euskal Herrian sortu eta garatutako bideo arte honi eskainiko zaio arreta berezia, «sorkuntza mota honi laguntza bermatzea baita xedea».
Orotara, 135 lan aurkeztu dira eta horietatik 35 izan dira lehiatzeko aukeratutakoak. Horietatik bi instalazioak dira eta azaroaren 29a arte egongo dira ikusgai.
Ostiralean, hilak 28, sari banaketa egingo dute Zinebi Gunean, 19.30ean, eta Iskandar Rementeriak sortutako «Oteiza eta Alhondiga Zentro Kulturala» dokumentala jendaurrean eskainiko dute lehen aldiz. Epaimahaiak lehen eta bigarren sariak erabakiko ditu, baina hirugarrena aukeratzea ikusleen esku geratuko da.