GARA > Idatzia > Kirolak > Eskubaloia

Aurkarien maila ikusita, Portland eta Arrateri mesede egin die zozketak

GARA | BILBO

Txapeldunen Ligako eta EHF Kopako ligaxken eta kanporaketen zozketak egin zituzten atzo. Nahiz eta bistakoa izan aurkari guztien kalitatea, nahikoa zorte ona izan zuten bai Portlandek bai Arratek. Kroazian jokatuko den Munduko Txapelketaren ostean, 2009ko otsailaren erdi aldean izango dituzte neurketok.

Txapeldunen Ligako I. Taldean egokitu zaio talde iruindarrari. Portland San Antoniorekin batera, Alemaniako Hanburgo indartsua, aurreneko fasean aurkari izan zuen Chehovskie errusiarra eta printzipioz ahulena beharko lukeen Danimarkako Handbold taldea izango dira. Aurreneko faseko emaitzak kontuan hartzen direnez, esan behar alemaniarrak lau punturekin buruan direla ligaxka hau hasterako, bina punturekin dira nafarrak eta errusiarrak, eta Hanbold, berriz, punturik gabe da. Aurreneko biak pasako dira hurrengo fasera.

Nafarren teknikari Chechu Villaldea pozik zegoen zozketako emaitzarekin. «Kiel, Txapeldunen Liga irabazteko faborito nagusia, saihestu nahi genuen eta lortu dugu. Bestalde, Hanburgo ia sailkatuta dago eta Chehovskierekin golak alderatuz gu irtengo gara galtzen, baina hurrengo fasera sailkatzeko lehiatuko gara», aipatu zuen.

Arrate, Aarhusen aurka

Arrateri dagokionez, EHF Kopako final zortzirene-tako kanporaketa Danimarkako Aarhusen aurka jokatu beharko du. Lehenengo partida Ipuruan jokatuko dute Julian Ruizen gizonek, otsailaren 14 edo 15ean. Astebete geroago izango da bueltako neurketa.

Aurkaria zein izango duen jakitean «ez hotz, ez bero» zegoela aitortu zuen eibartarren entrenatzaileak. «Irteera nahiko erosoa da guretzat -Errusiara edo Israelera joan beharra izan zezaketen gipuzkoarrek-. Nire iritziz, ez dago faborito argirik, baina egia da bueltako partida kanpoan jokatu beharrak kezkatzen gaituela», aitortu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo