GARA > Idatzia > Kirolak > Pilota

Berezkoak

Betikoak faborito direla hasiko da Superprestigioa

Jon LEUNDA | DONIBANE GARAZI

Superprestigio Torneoa abiatzeko prest dago. Antolatzaileek eta EPB enpresak egin dute zozketa dagoeneko, eta komunikabideei aurtengo lehiaketaren nondik norakoak ezagutzera eman zaizkie.

Superprestigioa buruz buru jokatzen da eta bakarkako txapelketa ofizialaren hurrena dagoen lehiaketarik garrantzitsuena da. Aurtengoak ez du berrikuntza handirik izango. Ez da ligaxkarik jokatuko, eta dena kanporaketen bidez erabakiko da, eta izenei dagokienez, Thierry Harizmendiren estreinaldia da azpimarragarriena.

Nafarroa Behereko atzelariak urte mordoa eman du ezker paretan, Aspe enpresan jokatzen. Honek, ordea, ez dio kontratua berritu, eta EPB enpresan probatu ostean, eta hauen baiezkoa jaso ostean, trinketera itzuli da.

Estreinaldirako, gainera, lehiaketa garrantzitsua izango du aurrez aurre; bere maila erakusteko aukera paregabea. Aurretik, joan den astelehenean, aurre-kanporaketa jokatu behar izan zuen Lazkanoren aurka, eta 40-30 irabazita lehiaketan sartzeko modua egin du.

Hasi aurretik, zalantza txiki bat ere badago. Thierry Etxetok eskuko arazoak ditu, eta ez daki jokatzeko moduan izango den ala ez. Abenduaren 8an jokatuko du, baina osatuko ez balitz, ordezkoa ere badu, Panpi Idiart hain zuzen ere. Etxetoren lekua Idiartek hartuta, ez litzateke alde handirik igarriko, bera ere maila handikoa baita.

Gauzak horrela, txapelketa, abenduaren 8an hasiko da, eta lehendabiziko jaialdian final-laurdenetako bi kanporaketa jokatuko dira. Alde batetik, Ezkurra II.ak eta Kurutxarik neurtuko dituzte indarrak. Horiek amaitutakoan, Waltari eta Etxeto lehiatuko dira. Aurrez aipatu bezala, azken hau osatuko ez balitz, bere ordez Idiart arituko litzateke. Bi kanporaketa horitan irabazle ateratakoak elkarren aurka neurtuko dira abenduaren 21ean jokatuko den finalerdian.

Abenduaren 15ean, final-laurdenetako beste bi kanporaketak jokatuko dira: Sorhuet eta Etxeberri lehiatuko dira alde batetik, eta horiek amaitutakoan, Ozafrain eta Harizmendi lehiatuko dira. Bi partida horien irabazleek ere, finalerdietan elkarren aurka aritu beharko dute abenduaren 21ean. Finala, abenduaren 28an izango da.

Partida guztiak Donibane Garazin jokatuko dira, Garat trinketan, eta jaialdi guztiak 16.00etatik aurrera jokatuko dira.

Faboritoak aipatzerakoan, hiru izen nabarmentzen dira, hots, Ezkurra, Waltari eta Ozafrain. Lehen biek, ordea, final-laurdenak gainditzen badituzte elkarren aurka jokatu beharko dute finalerdietan, baina lehen kanporaketa horretan ere biek izango dituzte aurkari gogorrak.

Patrick Ozafrainen multzoan ere, ez dira aurkari samurrak. Berak Harizmendi izango du lehen kanporaketan aurrez aurre, eta faborito izan arren hori ere ez du neurketa erraza izango Bankako atzelariak, nahiz eta Garat beretzat aproposa izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo