ACB Ligako lagun zaharrek Euroligan dute hitzordua
Pete Mickealen itzulerak eta Robert Hite-ren azken partidak bat egingo dute.
DKV JOVENTUT-TAU BASKONIA
Arnaitz GORRITI | BILBO
Arraro egin ohi da Euroligan liga bereko bi talderen arteko lehia ikustea. DKV Joventutek eta Tau Baskoniak zortzi egunen buruan bigarrenez neurtuko dituzte indarrak. Palu Olimpic-en, duela astebete, gasteiztarrak 83-97 nagusitu ziren eta, bada, gaur, 20.30etik aurrera, beste hainbeste egiteko ahalegina egingo dute Dusko Ivanovicen gizonek.
«ACB Ligako aurkarien kontra Euroligan jokatzea ez dut gustukoa, baina aldatzerik ez dagoenez, onartu beste erremediorik ez daukat», aitortu zien Gasteizko kazetariei Montenegroko entrenatzaileak. «Duela gutxi Joventuten aurka jokatu dugu, bai, baina nire ustez biharko -gaurko- neurketa arras ezberdina izango da. Alde batetik partida ezberdina delako, eta bestetik lehiaketa batak bestearekin zerikusirik ez duelako. Hala, aurreko partidarekin alderatuz gero, talde bata bestea ezustean harrapatzen saiatuko da», adierazi zuen Ivanovicek.
C taldeko buruzagitza bere horretan uztea du gogoan talde arabarrak. Euroligako azken jardunaldian muturreko galanta jaso zuen Tau Baskoniak, etxean Lottomaticaren aurka 90-93 galdu ostean. Ondorioz, gaur arratsaldean orduko akatsak zuzentzeko saioa egin beharko dute gasteiztarrek.
«Denboraldia hasi baino hobeto gaude, baina gorantz jarraitu behar dugu. Defentsak izan behar du gure jokoaren ezaugarririk nabarmenena», esan zuen Ivanovicek.
Mickeal eta Hite
Gaurko neurketarako, aspaldiko partez, Tau Baskonia oso-osorik egongo da, Pete Mickealek gainditu baitu zuen lesioa. Ondorioz, baliteke bere ordez talde arabarrak fitxaturiko Robert Hitek gasteiztarren elastikoarekin azken neurketa jokatzea gaurkoa, bera ere Badalonan baita.
DKV Joventut, berriz, C taldeko bosgarren postuan dago, azken-aurren. Lau partidaren ondotik bakarra irabazita dago Sito Alonsok zuzentzen duen taldea. Oraindik Ricky Rubioren baja dute, eta beharbada Pops Mensa Bonsuk minuturen batzuk jokatzeko aukera izango du. Dena den, Radio Vitoriari eginiko adierazpenetan, Alonsok pibot afrikarrak printzipioz oraindik ez duela jokatzerik izango aitortu zuen.