GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Euskaldun guztiena ez den Federazioen Batasuna

Euskal Kirol Federazioen Batasunak -hau da, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kirol federazioek- atzo Durangon gogorarazi zuenez, indarrean dauden legeen araberako funtzioak egiten dituzte, eta antolatu edota parte hartzen duten norgehiagoketetan hiru euskal herrialde ordezkatzen dituzte, legeen arabera, jakina. Eta Futbol Federazioak selekzioari «Euskal Herria» izena emateari uko egin eta berriro «Euskadi» izendatzeko erabakiaren ondorioz, euskal futbolariek «Euskal Herria» izenarekin baino ez jokatzeko erabakiari eta haien argudioei erantzun ordez, «euskal selekzioen aldeko ustezko talde bat tartean sartzeaz aspertuta» dagoela esan zuen, talde horren izena aipatu gabe, eta futbol selekzioaren partidak zatiketa eta aurkakotasun ekitaldi bihurtzeko nahia leporatu zion. Baina mahai gainean dagoenari, euskal futbolariek oraindik orain plazaratu duten arazoari, ez ikusia egin zion. Selekzioen ofizialtasuneranzko aurrerapausoak eman beharra hiru herrialde hartzen dituen Euskadira mugatzen du Kirol Federazioen Batasunak, izenaz eta izanaz euskal kirolari guztien selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu ordez. Hartara, atzoko prentsaurrekotik atera litekeen ondorioa da federazio ofizialek egin nahi ez dutena beste batzuek -kirolariak zein ekimen herritarrak- egin dezaten uzteko prest ere ez daudela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo