GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Miren Aranguren eta Izaskun Guarrotxena Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

«D» eguna pasatu da, eta orain zer?

Halako egun esanguratsuetan jendarteko sektore guztiek dute zerbait esateko, baina urteko gainerako 364 egunetan, zer egiteko daude prest? Egindako promesa guztiek beste behin ere politikoki zuzenaren linboan amaitu behar al dute?

Pasatu berri den astearte euritsuan, eguraldiari aurre eginez emakume asko mobilizatu dira Euskal Herriko txoko guztietan. Bost milatik gora izan dira, guk zenbatutakoaren arabera, baina ziur gaude Bilgune Feministak ezagutzen ez zituen beste hainbat deialdi ere burutu direla. Zorionak, beraz, mugimendu feminista osoari. Berriz ere kalea geure egin dugu emakumeon errealitatea kaleratzeko. Jendarteak emakumeon kontrako indarkeria amaitu behar dela adierazi du ozenki gure ideien oinarriekin bat egin, eta sistema patriarkalaren iraulketan beste pauso txiki bat emanez.

Urtero gertatzen den bezala, egun hauetan zehar indarkeria sexistaren inguruko ekimen ugari ezagutu ditugu. Horietako batzuen balorazio positiboa egin beharrean gaude, jendartearen inplikazio handiagoa bilatzen duten heinean, baina beste batzuk, aldiz, emakumea biktima soiltzat tratatzen jarraitzen dute, indarkeriaren gaia era isolatuan lantzen dute edota jarrera salbatzaile eta paternalista batetik abiatzen dira, emakumeak eta gure bizi baldintzekiko inolako konpromiso seriorik hartu gabe. Ekimen hauetako askori itxurakeria hutsa eta konpromiso falta nabarmena antzematen diegu atzean.

Ekimen horietako bat dugu Emakundek bultzatutako Gizonduz. Gure ustez, horrelako ekimenei ezin zaie erakunde horrek ematen dien lehentasuna eman, kontuan hartuta, gaur egun emakumeok sustatutako beste hainbat ekimenek ez dutela inolako babesik jasotzen, ez mediatikorik ez ekonomikorik. Zenbat diru publiko inbertitu da horrelako ekimen batean? Gizonen inplikazioa positibotzat jotzen badugu ere, emakumeon protagonismoa estaltzera datorren ekimena dela uste dugu, berdintasun aro faltsu hau garatzen jarraitzeko beste tresna bat da, emakumeoi dagokigun aldarrikapen espazioa desitxuratzera datorrena. Gizonen inplikazioa ezinbestekoa da jendartea eraldatuko badugu, baina inplikazio horrek oso-osoa izan behar du diskriminazioa eta zapalkuntza bukatzeko.

Bestetik, aurtengo kanpainarako Eudelek kaleratutako puntu morea dugu, jendartea inplikatzeko asmoarekin sortutako beste ekimen bat. Positiboa dela ezin dugu ukatu, egun gauden egoeran edozein keinu baita aurrerapauso, baina gure ustez, udalek beste lehentasun batzuk izan beharko lituzkete bere aurrekontuak nora bideratu erabakitzeko orduan, guztiak beraien eguneroko jarduerari lotuak. Emakumeonganako indarkeriaren aurrean benetako politika instituzionalak martxan jartzea eta hartzen dituzten neurrien eraginkortasunak zein prebentzioari arreta jartzeak berebiziko garrantzia du guretzat, sentsibilizazio kanpainak egiten hasteko garaia pasatu delakoan baikaude.

Azaroaren 25eko diskurtsoan esaten genuen bezala, emakumeoi pazientzia bukatzen ari zaigu indarkeria matxistaren aurrean jendarteko estamentu ezberdinek hartzen dituzten erabaki eta jarrerak direla eta. Nazkatuta gaude gai hau beharrezko orokortasunarekin ez lantzeaz, hartzen diren konpromisoak bete gabe ikusteaz, komunikabideek egiten duten erabilera morbosoaz, egunero gure askatasuna mugatzen duten jarrerak jasaten jarraitzen dugun bitartean.

Halako egun esanguratsuetan jendarteko sektore guztiek dute zerbait esateko, baina zer egiteko daude prest urteko gainerako 364 egunetan? Egindako promesa guztiek beste behin ere politikoki zuzenaren linboan amaitu behar al dute?

Bukatzeko, autodefentsarako deia egin nahi diegu emakume guztiei, ezin dugu beste batzuek gure alde zer egin dezaketen pentsatzen zain gelditu. Kalera atera, borrokatu, antolatu eta «aski da!» esateko garaia heldu da. Gure aldetik, Bilgune Feministak jendartea eraldatu arte lanean jarraitzeko konpromisoa berresten du, emakumeon eskubideen alde borrokan jarraitzeko konpromisoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo