Ipar Euskal Herriko literaturaren eta musikaren uzta oparoak erakusmahaia izango du Azokan
Zortzi argitaletxe eta diskoetxe izango dira Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako berrikuntzak zabaltzeko Azokan prestatuko duten gune berezian. Plateruenan irakurketak eta kontzertuak ere izango dira.
Ainize BUTRON | BAIONA
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako argitaletxe eta diskoetxeek erakusleiho berezia izango dute berriz ere, aurtengo Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azokan. Euskaltzaleen Biltzarra, Ikas eta Hatsa elkarteek, Elkar, Maiatz eta Gatuzain argitaletxeek eta Agorila eta Laguna Studios diskoetxeek urte hondarreko berrikuntzak azalduko dituzte bertan. Iaztik Euskal Kultur Erakundearen eta Gerediaga elkartearen artean egindako elkarlanaren ondorioa da topagune hori, eta, atzo argitaletxe guztiek bateraturik egindako prentsaurrekoan ekimen hori txalotu zuten. Hartzea Lopez Aranak Gatuzain argitaletxearekin Grimm-en hiru ipuin biltzen dituen liburu eta diskoa kaleratu du Azokaren karietara. «Askok hasieran uste zuen gune hori getthotizazio bat zela, baina, azkenean ikusgarritasun askoz gehiago eman digu», goraipatu zuen idazleak. Bestalde, haurren sailean, Ikas pedagogia zerbitzuak Antonio Skarmentaren «La composición» obraren euskarazko itzulpena ere azalduko du. Diskoei dagokionez, Laguna Studios diskoetxeak bost disko azalduko ditu. Mutxiko dantzak eta haurrentzako dantzekin batera, Patrice Dumoraren bakarkako lehen diskoa azalduko du.
Eresoinka
Agorilak, besteak beste, «Eresoinka» lana salgai izango du. Xabaltx, argitaletxeko ordezkariak, lan horrek Euskal Herriko memoria historikoan daukan garrantzia goraipatu zuen. Izan ere, Eresoinka 1937an Euskal Gobernuak Bilbon sorturiko abesbatzaren izena da. Abesbatzako ehun bat abeslari Saran errefuxiatu ziren, eta orduko kantuekin egindako grabaketa berreskuratu du diskoetxeak lan berri horretan. «Agur jaunak, «Jaiki, Jaiki!» edo «Aurtxoa Seaskan» dira, besteak beste, bertan bildutako kantuak.
Argitaletxeekin batera, artistak ere izango dira Azokan. Plateruena Kafe Antzokian hainbat kontzertu eta irakurketa izango da: Patrice Dumora kantaria edo, Xabier Soubelet eta Lucien Etxezaharreta idazleak.