Amuriza: «Sentimendu bat nahikoa da entziklopedia unibertsala egiteko»
«Orain ezin naiz hil» liburuaren idazlea
Ondo ezaguna da gurean Xabier Amuriza, bertsolari eta idazle lanetan egindakoagatik. Zornotzarrak «Joan Ziren» zikloa hasi zuen joan den urtean «Dinosauroak horizontean» berak ekoitziarekin -zor ekonomikoa eginda-, eta bigarren emaitza, «Orain ezin naiz hil», dakar orain Interneteko leihora, nahi duen orok «www.amurizablogxabier.com» ataritik doan -edo norbere borondatearen truk- har, eta irakur dezan.
Anartz BILBAO | BILBO
Literatur lan gogoangarri eta hilezkorra egiteko bidean, idazkeran eta euskaran lan handia eginda azaldu zen Xabier Amuriza atzo Bilboko Kalderapeko kulturgunera, «Orain ezin naiz hil», paperean emango ez duen liburua aurkezteko.
«Betiko baserri batean, ez argirik ez urik ez biderik ez zegoela» bizi den mutiko baten istorioa aurkituko du irakurleak, «eskolara ordu erdi-ordu beteko bidea jaitsiz, itzuliz, mendiko bakartasunean hamar-hamaika urtera arte dabilena». Amurizaren esanetan «haurtzaro fantastikoa» izan zena. Hortik aurrera, «11 urterekin hasi eta 24 arteko seminarioko bizimodua» ere bai.
Idazleak beraz, bere gaztaroko pasarteak kontatzen dizkigu. «Bai, bide batez hori ere bai, nirea eta besteena eta orduko gizartearena». Baina azken batean «fikzioa da, konposizioa artistikoa askoz hobea baita errealitatea ulertzeko». Badira abiapuntu egiazkoak, «markoa da hori», baina «hortik edonora, mundu osora eta aro guztietara, nahi dudan edo inspirazioak ematen didan toki guztietara nabil».
Behin aireratzea eginda, eta seminarioko bizitza, umetako zein nerabezaroko kontuak agertzen baditu ere, ez ditu kontatzen «kronika bat bezala». Hegaldiarekin jarraituz, «komeni zaizkidan salto guztiak egiten ditut eta batzuetan saltoan denbora gehiago ematen dut bertan baino», dio bizkaitarrak.
Amurizak Joyce idazlearen «Artista gaztearen erretratua» aipatu zuen, «nirea baino autobiografikoagoa», bere lanaren helburua azaltzeko. «Obra, konposizioa, horrek harritzen nau, hori gozatzen dut», eta hori du helburua ere. Azken finean, «sentimendu bat nahikoa da entziklopedia unibertsala egiteko, garatzen baduzu; bakoitzak iturri agortezina dauka-eta sentimendu eta oroitzapenetan». Gaiak beraz, zelaiak edo aireportuak dira, eta «niri hegadak interesatzen zaizkit, eta hegadan ez dago aireporturik, hegada librea da, espaziala da».
Berrehun urte barru
Joyce eta Proust ahotan, «liburu handiek ez dute eman behar gogorik orriak azkar pasatzeko, baizik bueltatzeko» esan, eta «sortu behar dizu inpresio bat, zirrara bat, eta nik behintzat hori dut pretentsioa» gaineratu zuen idazkeran ahalegin berezia egin duen Amurizak. «Ni ez naiz hari idazten jendea entretenitzeko. Horretarako tabernak, kalea, ligeak, beste gauza batzuk daude...», zehaztu du pretentsio artistiko jasoak dituen gizonak.
Sortze prozesuaz galdetu, eta «zurrunbiloan ez dago sormenik» esan digu. «Sortzeko, geldi eta bakarrik egin behar dituzu ordu asko. Derrigorra da hori eta ezin da beste era batera egin». Trilogiaren hirugarren atala ere ia bukatuta duela, «neurea egiten jarraitzea dut buruan, eta hemendik berrehun urtera ikusiko dugu nortzuk iritsi diren haraino» esanez bukatu zuen aurkezpena, umoretsu. «Eman da zabal zazu!».
Argitaletxe beharrik gabe, plazara?
Lehenengo liburuan ere galdera bera zegoen eta autoedizioa egitea erabaki nuen. Hartu ditut muturreko batzuk eta behin jubilatu eta gero ez daukat belauniko aterik ate joan eta ezezkoa hartu eta limosna eske ibiltzeko gogorik. Erabaki dut nire bidea egitea eta hala jarraituko dut.
Zeure lanean sinesmen handia duzu.
Nik, egia da, historiara pasatu nahi dut, bizi naizen artean, eta lortuko dut, arrakasta ere lortuko dut, bigarrenean ez bada, hirugarrenean edo laugarrenean. Eta etortzen ez bada ere, ni ondo bizi naiz eta nire obra neuk pentsatutako moduan egin behar dut.
Idazkerari dagokionean, batez ere.
Konposizio artistiko bat egiteak bete egiten nau. Lehenengoarekin lortu nuen irakurle gutxi batzuengan inpaktua egitea. Horien ustez artelan bat egin dut. Niretzako hori gauza handia da eta esan dizkidaten gauzak oso ederrak izan dira, asko animatu naute. Eta horixe nahi nuen, zirrara eta eragin hori sortzea, nahiz eta askorengan balitz nahiago.
Hizkuntzarekin ere ahalegin handia egin omen duzu.
Egun Mitxelenaren inguruan sortu eta jarraitzen duen erdibide horretan, nahasmen horretan gabiltza. Desarmatze kontzeptual bat dugu oraindik eta nik uste dut kultura kontua dela. Nik beste irizpide batzuei jarraitzen diet -euskararekin- eta gainditu egiten ditut aurrean aurkitzen ditudan hizkuntzaren gabezia estrukturalak, neure erara, itzulingururik gabe, egitura funtzionalak zuzenean esanez. Eta inork ez du honela idazten. Nik zailtasunak jartzen ditut hizkuntzaren konplejidadean, ez terminoetan. Ezin da hizkuntza infantila idatzi helduentzat, ahultasuna da hori. Gorantz tiratu behar da, euskarak baliabide handiak dauzka eta.
Grinatsu ikusten zaitugu, aurrera begira beti.
Idazteak, argitasun, kemen mental handiz egotea eskatzen du. Baina ni sano banago, osasunez banago, jarraituko dut idazten, kriterioz.A. B.