GARA > Idatzia > Iritzia > Ikusmira

Mumbaiko erasoen ondorioz, ezegonkortasuna nagusi den ingurua ezegonkorrago

Manmohan Singh Indiako lehen ministroak Mumbaiko erasoak ondo antolatuta zeudela eta «kanpo loturak» zituztela esan zuen atzo, eta inguruko herrialdeei egindako oharpen gogorrak ere hizpide izan zituen. Ez zegoen bere Gobernuko beste iturri batzuek Pakistan aipatu arte itxaron beharrik Manmohan Singhek estatu hartaz ari zela igartzeko. Atzo gauean eztandek, tiroek eta zenbait lagunen bahiketek luze iraun zuten Mumbain. Eraso lazgarrion egileei buruz espekulazio ugari egin liteke, eta egin dira, Al-Kaedarekin lotuz, edo balizko kausa gisa Kaxmirreko gatazka aipatuz. Bada beste elementu esanguratsu bat, leku hori Indiako finantza eta merkataritza gune nagusia izatea, alegia. Baina erasoen berehalako ondorioak ez du espekulazio handien beharrik: India eta Pakistanen arteko harreman gatazkatsuek okerrera egiteko arrisku nabarmena dago, Pakistanek erasoekin zerikusirik ez duela esan badu ere. Aspalditik eta etengabe ezegonkorra izan den inguru honetako botere militar handieneko bi herrialderen arteko harremanak okerragotzeak ezegonkortasun handiagoa baino ez du iragartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo