GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Arantxa Zabala Artola Historian lizentziaduna, Agiñalde kultur elkarteko idazkaria

Iruña-Veleia: iruzurra edo euskaldunon historiaren beste enigma?

Kantabriako Altamira kobako labar-pintura paleolitikoen aurkitzailea, Santuola jauna, iruzurgile moduan hartu zuten eta 50 urte igaro behar izan ziren labar-pinturen egiazkotasuna aitortzeko

Harrituta, txundituta eta izututa bizi dut Eliseo Gil eta Iruña-Veleiako bere arkeologo taldeari buruz hedabideek hartu duten jarrera.

Boterean egonda, zein erraza eta merkea den bideak ixtea! Izugarria da hedabideetako hainbat analista eta kazetarik, katedradun eta aditu ofizialen iritziak eztabaidatu gabe nola barneratu eta plazaratzen dituzten ikustea! Beldurgarria da harro agertzen duten espiritu kritiko hori zein hutsala den ikustea!

2006ko azaroan, Iruña-Veleiako ikerketa taldeko kideek grafitoak eta hauen gainean idatzitako euskarazko hitzak, besteak beste, III. eta V. mendeen artekoak direla baieztatu zuten berriro Arabako aztarnategi erromatarreko ikerlariek. Baieztapena berresteko jakinarazpen ofiziala plazaratu zuten Iruña-Veleiako ikerketa taldeko kideek. Eliseo Gil, indusketa zuzentzen zuen arkeologoarekin batera, Idoia Filloy (arkeologoa), Juan Santos Yanguas (Historia katedraduna), Henrike Knörr (euskaltzain eta Euskal Filologia katedraduna), Ruben Cerdan (Fisiko Nuklearra), Emilio Illarregui (arkeologoa) eta Zoilo Callejak (Arabako Elizbarrutiko Ondare arduraduna) sinatu zuten aurkikuntzaren egiaztapen zientifikoaren gainean azalpenak ematen zituen dokumentua.

C14 analisiak (Ingalaterra, AEB eta Holandako laborategi espezializatuetan eginak), termolumineszentzia azterketak (Krakoviako Unibertsitatea, Polonia) eta, batik bat, Frantziako CEA-CNRS espektroskopia nuklearreko laborategietan egindako azterketak izan dira Iruña-Veleiako aurkikuntzen data eta jatorria zehazteko erabili izan direnak.

Hedabideek plazaratu duten iritzi «ofizialaren» aurrean iritzi kritikoago bat lantzeko, hemen hausnarketarako galdera batzuk:

1- Nork dauka galtzeko gehiago aurkikuntzak egiazkotzat jotzen badira?

2- Nork dauka irabazteko gehiago fraude moduan hartzen badira?

3- Zergatik baieztatzen zuen behin eta berriz Henrike Knörr euskaltzain eta Euskal Filologia katedradunak aurkitutako piezen baliozkotasuna?

4- Zergatik adierazten du Lakarra jaunak protoeuskararen oinarriak berrikusteko beharra dagoela? Zer aldatu da orain, oinarri horiek berrikusteko? Iruña-Veleian ikusi duen zerbaitek eragin ote du behar hori, agian?

5- Itsasgarri hondarrak aurkitu direla argudiatu da. Zer pisu dauka horrek 2006ko azaroan plazaratu ziren arkeologia metodo eta egiaztatzeko proben emaitzetan?

6- Zergatik aipatzen dute batzuek «Descartes», eta beste batzuek, berriz, ezeztatu egiten dute, esanez agertzen dena ez dela «d» bat, baizik eta «m» bat?

7- Kantabriako Altamira koban aurkitutako labar-pintura paleolitikoen aurkitzailea, Santuola jauna, iruzurgile moduan hartu zuten eta 50 urte igaro behar izan ziren labar-pinturen egiazkotasuna aitortzeko!

8- Antzerako zerbait gertatu daiteke Iruña-Veleiaren kasuan. Beste 50 urte edo frantziar lurraldean antzerako aurkikuntzak egotea edo protoeuskararen oinarriek aurkikuntzekin bat egitera itxaron beharko dugu egia ezagutu, onartu eta ofizialki aitortzeko?

Atapuercako adituek Sapiens-aren afrikar jatorriaren teoria baztertu dute eta nazioarteko zientzia komunitate europarraren aurrean jatorri euroasiarra babesteko konpromisoa hartua dute (2007ko azaroan, Burgosko Paleoekologia Biltzarrean).

Atapuerca eta Iruña-Veleia, Historiaurrea eta antzinako historia modu desberdin batean interpretatzeko giltzarriak izan daitezke.

Artikulu honen bidez bide bat ireki nahi diogu hausnarketari. Iruña-Veleiako aurkikuntzak mugarri garrantzitsu bat dira euskaldunon historian, euskaldunon historia beste ikuspegi batetik idazten hasteko lehen ezinbesteko oinarria.

Hain erraz utziko al dugu bide hau ixten?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo