GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Bi gaztek bizi duten jazarpena salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak

Durangaldeko amnistiaren aldeko mugimenduak elkartasuna eta babesa eman die jazarpena pairatzen ari diren Durangaldeko bi gazteei. GARAk asteazkenean azaldu zuen bezala, duela hamaika hilabete somatu zuten beren atzetik zebiltzala, eta salaketa jarri dute auzitegian.

GARA |

Durangaldeko amnistiaren aldeko mugimenduak elkartasuna eta babesa adierazi nahi izan die polizia jazarpena sufritzen duten eskualdeko bi gazteri. Salatu dutenez, bi gazteon egoera «icebergaren tontorra baino ez da». Eta berau, PSOEk Euskal Herriaren aurka aspaldi abiatutako errepresio estrategian kokatu dute. GARAk iragan asteazkenean publikatu zuen legez, bi gazte hauek gau eta egun ari dira pairatzen hainbat lagun ezezagunen jarraipena.

«Agerian utzi nahi dugu hedabideen eta jendearen begietatik kanpo, polizien jazarpena, jazartze-biolentzia isilpean eta bakardadean pairatzen duten euskal herritarrak gero eta gehiago direla», nabarmendu du amnistiaren aldeko mugimenduak.

Bere aburuz, errealitate honek, Estatu espainolak eta Estatu frantsesak «gatazka politikoa konpontzeko azken hamarkadetan erabilitako errezeta berbera» darabiltela erakusten du; alegia, errepresio bortitza, «sufrimendua besterik ez dakarrena», hain zuzen.

Egunetik egunera, txarrago

«Ezagutzen ez ditugun pertsonak une oro atzetik jarraika ditugu, jazarpena etengabea da eta psikologikoki lur jota gaude; oso gogorra da», adierazi zioten egunkari honi Durangaldeko bi gazte hauek. Hori dela-eta, Durangoko Instrukzio Auzitegian salaketa jarri berri dute. Izan ere, azken hamaika hilabeteotan «gau eta egun», sufritzen ari dira polizia jazarpena, eta horri muga jarri nahi izan diote salaketa honen bidez.

Orain hamaika hilabete sumatu omen zituzten Durangaldeko bi gazteok une oro atzetik ezezagunak zituztela. «Etxetik ateratzen nintzenean auto bat zain izaten nuen eta nire atzetik etortzen zen lantokiraino; lantokitik irtetean gauza bera: etxeraino segitzen zidan», salatu dute. Horrela hasi bazen ere, asteak igaro ahala jazarpena are eta gogorragoa bihurtu dela salatu dute gazteek. Goizean goiz hasi eta gauera arte ezezagunak atzetik izaten dituzte; lagunekin korrika egitera joatean zirenean ere, bi auto atzetik izaten zituzten gazteok.

Egoera horren adibiderik adierazgarriena, ordea, Andaluziara oporretara joan zirenean gertatutakoa da. Salatu dutenez, bost pertsona eta bi ibilgailu une oro atzetik izaten zituzten.

Durangoko Auzitegian aurkeztu duten salaketaren harira, denbora tarte honetan atzetik izan dituzten 25 pertsona identifikatzeko eta horiek jarraipenak egiteko erabilitako ibilgailuen inguruko datuak -modeloa, kolorea eta matrikula- emateko gai direla adierazi dute bi gazteek.

hamaika hilabete

Durangoko Auzitegian aurkeztu berri duten salaketan, bi gazte hauek beraien aurkako polizia jazarpena orain dela hamaika hilabete hasi zela azaltzen dute. Jazarpenean, 25 bat lagunek parte hartzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo