GARA > Idatzia > > Euskal Herria

IA: «NUPeko ikasleak euskaraz ikasteko eskubidea bermatzearen alde daude»

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleek bertan euskaraz ikasteko eskubidea bermatzea nahi dute, izan ere, zentroak euskaraz eskaintzen dituen irakasgaiak ez direla nahikoak uste dute. Hori izan da Ikasle Abertzaleak (IA) taldeak gelaz gela egindako inkesta baten emaitzek agerian jarri dutena.

Atzo goizean NUPen bertan eskainitako prentsaurrekoan aditzera eman zituzten galdeketa horren emaitzak. Ikasle taldeko bozeramaile Alaitz Gonzalezek nabarmendu zuen eran, inkestaren helburua «ikasleek euskararen erabilerari buruz duten iritzia ezagutzea» izan da, «unibertsitate honetako zuzendaritzari ez bezala, guri ikasleen iritzia interesatzen zaigu-eta».

Era berean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sorreratik bertako errektore bakar batek ere «euskarari behar duen tokia» emateko borondaterik ez duela izan gaitzetsi eta, oraingo errektore Julio Lafuentek bultzatzen duen Euskararen II. Plan Estrategikoa «beraien aurpegia zuritzeko iruzur bat» dela ohartarazi zuen Ikasle Abertzaleetako eledunak.

Gonzalezen aburuz, «planak ez du unibertsitate elebiduna helburu, jarri nahi duten piramide egitura horrek ez baitu euskaraz ikastea bermatzen».

Egoera hori salatzeko manifestazioa egingo dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan abenduaren 11n, 11:30ean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo