GARA > Idatzia > > Mundua

AEBekin sinaturiko hitzarmena onartu du Irakeko Parlamentuak

Irakeko Parlamentuak oniritzia eman zion atzo Bagdadek eta Washingtonek adostutako akordioari, besteak beste, Iraken dauden Estatu Batuetako tropek 2011ko abenduaren 31a baino lehen herrialde arabiarra utzi beharko dutela adierazten duenari.

GARA |

Irakeko Parlamentuak oniritzia eman zion atzo Bagdadeko Gobernuak AEBekin sinatu duen akordioari. Hitzarmen horren arabera, Estatu Batuetako tropak 2011n utziko dute herrialde arabiarra.

Testuak 30 artikulu ditu eta 149 parlamentariren babesarekin onartu zen. Beste 35ek aurka egin zuten, Jaled al-Attiyah Parlamentuko presidenteordeak France Presse-ri azaldu zionez. Gobernua sostengatzen duten talde suni, xii eta kurduen bozei esker onartu zen testua.

Aiad al-Samarrai diputatu suniaren arabera, beste 14 parlamentari abstenitu egin ziren. Guztira 275 hautetsi daude Irakeko Parlamentuan.

AEBetako presidente George Bushek berehala zoriondu zituen Irakeko parlamentariak akordio horri oniritzia eman izateagatik.

Hona heltzeko, Bagdad eta Washingtonen negoziazioen ondoren, Irakeko alderdi xii, suni eta kurduen arteko elkarrizketak beharrezkoak izan dira.

Hala ere, akordioa indarrean sartzeko, Irakeko Presidentetzako Kontseiluaren oniritzia ere beharrezkoa da. Erakunde hau Jajal Talabani presidenteak -kurdua- eta bi presidenteordek -bata sunia eta beste kurdua- osatzen dute.

Al-Sadren protesta

Hitzarmenaren testua irakurtzen hasi eta berehala, al-Sadr mugimendu xiiko hautetsiak altxatu egin ziren «Okupazioari ez! Iraki bai» kantatzeko. Horrekin batera, «Akordioari ez» zioten pankartak zabaldu zituzten.

Akordioan adierazten da AEBek egun Iraken dituzten 150.000 soldaduek «gehien jota» 2011ko abenduaren 31n herrialde arabiarra utzi beharko dutela. 2009ko ekainaren 30ean, gehien jota, borrokan ari diren tropak Irakeko hiri eta herri guztietatik joango dira. «Irakeko lurraldea, aire eta ur eremuak ezin izango dituzte erabili beste herrialderik erasotzeko. Irak kanpotik edota barrutik mehatxatzen badute, AEBek beharrezkoak diren bitarteko diplomatiko, ekonomiko eta militarrak erabiliko dituzte horri aurre egiteko», dio testuak.

Parlamentuko atzoko bilkuraren hasieran beste lege-proiektu bat onartu zuten, suniek eskatuta. Boterearen banaketan aldaketak eta matxinadan parte hartu izan duten presoentzako amninistia onartzen da bertan.

Xii eta kurduekin batera akordioaren alde bozkatzeko ezinbestekotzat jo zuten suniek lege-proiektu hori.

Horrekin batera, uztailaren 30a baino lehen AEBekin sinaturiko hitzarmenaren gaineko erreferenduma antolatzeko eskatu dute suniek.

erreferenduma

Hitzarmenari atzo baiezkoa emateko parlamentari suniek eskatu zuten eran, Estatu Batuekin sinaturiko akordio horren gaineko erreferenduma antolatu beharko dute Iraken datorren uztailaren 30a baino lehen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo