Eszenak
Aro bati agur esateko, berrikuntza ugari Tolosako Titirijaian
Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiaren edizio bereziena hasiko da bihar. Abenduaren 8a arte, kolorez beteko dira Tolosako eta Jaialdiaren zirkuitua osatzen duten herrietako kaleak. Bi estreinaldik, txotxongiloetan tradizio handia duen Errusia gonbidatu gisa eta, lehenbizikoz, Asiako bi konpainien presentziak, besteak beste, egitarau betea osatuko dute.
Odeia AIESTARAN | TOLOSA
Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Jaialdiari, Titirijaiari, hogeita sei urteren ostean, etapa baten amaierara iritsi eta aro berri bati ateak irekitzeko unea heldu zaio, Miguel Arretxe jaialdiko arduradunaren esanetan. Ekimena, beraz, «ez da beste urteetan bezalakoa izango edo ez luke hala izan behar, behintzat». Izan ere, Txontxongiloen Nazioarteko Zentroa, TOPIC izenekoa irekiko dute datorren urtean.
Aurtengo edizioa hasia da dagoeneko, Tolosaz gain, txontxongilo emanaldiak Euskal Herriko hainbat herritan barrena ibili ohi baitira. Atzo bertan Sestaon eman zitzaion hasiera zirkuituari, eta bertan The Fifth Wheel talde alemanak eskaini zuen ikuskizuna. Bizkaiko herriaz gain, Gipuzkoako bederatzi herri abenduaren 5a arte izango dira protagonista. Emanaldi hauen garrantzia baztertu gabe, ikuskizun hauen ondoan, Tolosa da protagonista nagusia. Arretxek esan duenez, beste herrietan jaialdiak duen harrera ona bada ere, Gipuzkoako 88 herrietatik 41 herritako eskoletako haurrak hurbiltzen dira Tolosara, beraz «garrantzia aparta du».
Ikuskizun ugari
Zirkuitua eta Tolosan bertan ospatuko den jaialdiaren egitaraua, Arretxeren esanetan, «betea eta berezia» da; berrikuntza ugari dituena. Horien artean hogeita sei urtetan lehenbizikoz Asiako bi herrialdek eskainiko dituzten ikuskizunak izango dira. Sri Lankako eta Thailandiako konpainiak izango dira Tolosan, abenduaren 7an eta 3an, hurrenez hurren. Biak ekialdekoak izanagatik ere, Arretxek bien arteko desberdintasun nabariak azpimarratu nahi izan ditu. Sri Lankako taldeak ikuskizun «gogorra, tradizionala, berria» eskainiko du; Thailandiakoak, berriz, «bukatua eta urre kolorea nagusi duen» ikuskizuna.
Bi ikuskizunen estreinaldi mundialaren lekuko ere izango da jaialdia. Donostiako Behi Bis konpainiak «Murren bidaia» aurkeztuko du ostegunean eta Madrilgo Teatro de la Lunak «Lorazaina» lana larunbatean. Horren harira, emanaldi bat aurkeztearen gogortasunaz mintzatu da Arretxe. Bere esanetan, «taldeentzat arriskutsua eta konpromiso handia da lan bat lehenbizikoz aurkeztea, asko dute jokoan-eta; baina guretzat ere hala da, arrisku hori partekatzen baitugu».
Berrikuntza nagusia, hala ere, herrialde gonbidatua da. Arretxek dioenez, «aspalditik nahi genuen Errusia Tolosara gonbidatu; ilusio handiz hartzen dugu, historia, egitura eta lan asko baitu». Errusiaren garrantzia, herriko Aranburu jauregian abenduaren 8a arte ikusgai izango den erakusketa baten bitartez erakutsiko da; Arretxeren hitzetan, «inon inoiz antolatu ez den moduko erakusketa» baten bidez, hain zuzen ere, «pentsa, hiru trailer behar izan ditugu dena ekartzeko!», adierazi du. Gainera, herrialdeko lau konpainiek euren ikuskizuna eskainiko dute, lehena Obraztsov taldearen «Obraztsov-en onena» izenekoa izango da, larunbatean bertan.
Sarrerei dagokienez, bost saiotarako abonuak helduentzat 25 eurotan salduko dira eta haurrentzat 12 eurotan. Ikuskizun bakoitza 7 eta 3 euroren truke ikusi ahal izango da. Leidor Antzokian eskuratu ahal izango dira sarrerak.