Aipagarriak
Pirritx eta Porrotx altxorraren bila «Piratak» ikuskizun eta disko berrian
«Eskerrik asko» bukatu berritan, «Piratak» ikuskizuna eta diskoa aurkeztu berri dituzte Pirritx eta Porrotx pailazoek. Beste askoren artean, Mari Motots eta Aitor Gorosabelek antzeztutako Patakon piratak hartuko dute parte Euskal Herri osoan zehar egingo duten biran.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Pirritx eta Porrotxek lagun berriak izango dituzte ikuskizun honetan. Minbizia gainditu ostean, Mari Mototsi berriro hazi zaio ilea eta ospitalean jolasten zuen moduan, zapia buruan duela benetako pirata izateko unea iritsi zaio orain. Gainera, Su Ta Gar-eko Aitor Gorosabelek antzeztutako Patakon pirata ere beraiekin ibiliko da «daukanari kendu, ez daukanari emon» lelopean. «Piratak» da ikuskizunaren izena, disko berriaren izen bera.
Hogei kantu eta hogei ipuintxo biltzen ditu lan honek. Hitzak bi pailazoek idatzi dituzte eta musika Xabier Zabalak egin du. Bere esanetan, «jende askoren lankidetzari esker osatu dugu diskoa». Izan ere, Andoaingo Garate estudioetan Haritz Harreguyren eskutik grabatutako disko honetan kolaboratzaile ugari izan dituzte. Musika arloan, Igor Telletxea, Luis Vega, Luis Mari Moreno, Oreka TX, Tapia eta Leturia, Iluleitz hari laukotea, Garikoitz Mendizabal eta Aitor Gorosabel izan dira. Azken honek ahotsa ere jarri du gainera. «Nire ametsa pirata izatea izan da beti. Orain arte musikarekin egin dut hori». Bestalde, Celtas Cortos taldeko Jesus Cifuentes abeslaria eta Alberto Garcia biolin-jotzailea Valladolidetik etorri ziren topa egiteko «Unblenble» kantua grabatzera. Abeslarien artean, Labrit, Olatz Korta, Oihana Sanchez eta Ordiziako musika-eskolako Zaldibiako haurrak izan dira.
Kantuei dagokienez, Donostiako piraten abestia eta Pakito izurdeari eskainitako kantuak aurki ditzakegu. Kaxianoren «Itsasontzi baten» ezagunaren «bertsio goxo eta alaia» sortu dute batukadaz lagunduta. Joseba Sarrionandiaren «Hodeia» olerkia musikatu dute eta «Amets egiteko leihoak» kantuan, Bokaletik hasi eta Muskizeraino, Euskal Herriko itsasertzeko herri guztien izenak jaso dituzte. Oionen ospatuko den Araba Euskaraz-eko kantua ere egin dute. Ikuskizunaren estreinaldia asteazkenean egin zuten Barañainen. Gaur Markinan izango dira, bihar Eskoriatzan eta igandean Zallan.
kultura
Pirritx: «Altxorra ez da lur azpian ezkutatuta egoten den horietakoa. Gure ezpainetan aurkituko dugun altxor bikoitza da. Muxua, alde batetik, eta euskara, bestetik».