GARA > Idatzia > > Ekonomia

Sidenor enpresak espedientean langile finkorik ez duela kaleratuko adierazi du

Aste honetan bertan Sidenorrek 2.200 langile kaleratuko lituzkeen enplegu-erregulazio espedientea aurkeztu bazuen ere, enpresak adierazi duenez, ez du langile finkorik kaleratuko. Euskal Herriko beste hainbat enpresak ere espedienteak aurkeztu dituzte azken egunotan.

p021_f02_148x108.jpg

GARA |

Aste honetan bertan, enplegu-erregulazio espediente baten bidez, 2.200 langile kaleratuko dituela jakinarazi bazuen ere, Sidenor enpresako zuzendaritzak langile finkorik ez duela kaleratuko adierazi zuen atzo.

Enpresak prentsa ohar baten bidez azaldu zuenez, altzairuaren eskaeraren jaitsiera handia dela-eta aurkeztu dute espedientea. Horrela, lan-kontratuak bertan behera utzi gabe, langileriaren lan-denbora behin-behinean murrizteko asmoa du Sidenorrek, merkatuko eskaera mailara egokitzeko.

Enpresako zuzendaritzaren proposamenak 2009ko urtarriletik abendura bitartean lan jardunaldia murriztu eta espedienteak kaltetutako langileen ondorioak gutxitzea da.

Bigarren honetan, enpresa sindikatuekin negoziatzen ari dela baieztatu zuen Sidenorrek. Horrela, administrazioak langileen soldaten ordainketa bere gain hartu eta lantegiak sindikatuetako ordezkariekin hitzartutako baldintzen araberako osagarri bat jarriko luke.

Sidenor eta sindikatuak akordio batera iritsitakoan, eta administrazioari horren berri eman ondoren, honek dagokion ebazpena emango du. Merkatuaren egoera hobetzen denean neurri horiek eskaeraren bilakaeraren arabera egokituko dira.

Beste alde batetik, Ingersoll taldeak Iruñeko Koxka eta Peraltako Kobol lantegietan guztira 275 langile kaleratuko dituen espedientea aurkeztuko du datorren astean. Horren bidez, enpresak lehiakortasuna eta errentagarritasuna hobetzea du helburu «merkatuko jardueraren beherakada orekatzeko».

ArcelorMittal eta Alphacan

ArcelorMittal enpresak, aldiz, 9.000 langileren borondatezko bajen inguruko programa bat abian jarri duela adierazi zuen. Enpresak aipatu zuenez, era honetako bajak izateagatik ezin da zehazki jakin Euskal Herrian zein ondorio izan ditzakeen.

Hazparnen, PVC eta antzeko plastikoekin lan egiten duen Alphacan enpresaren ateak martxoan ixteko asmoa duela iragarri zion bertako zuzendariari Pariseko egoitza nagusiak.

Pariseko zuzendaritzak itxiera oraindik asmoa besterik ez dela adierazi zuen, eta behin betiko erabakia abenduaren 11n hartuko duela nabarmendu zuen. Horretarako enpresa batzordeei hainbat kontsulta egingo dizkiela ere agindu zuen. Itxierak 37 langile utziko lituzke kalean.

kaleratuak

Sidenor enpresak 2.200 langile kaleratzeko asmoa du; Ingersolleko lantegietan, antza, 275 izango dira kalteturiko langileak; 9.000 ArcelorMittalen; eta Hazparneko Alphacanen, 37 langile.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo