Zaindu belarriak 2
Aritz SOUND SYSTEM
Kazetari eta musika adiktoa
Aurreko zutabean entzumenaren osasunaz aritu ginen. Gehiegikeria goraipatzen den gizartean, musika entzuteko garaian ere, bolumenak gero eta altuagoak dira. Kontzertuetan gero eta soinu ekipo ahaltsuagoak dira eta askotan, bolumena neurrigabekoa izan ohi da. Etxeko soinu ekipoetan ere, potentzia bilatzen da beste ezaugarri batzuen aurretik, eta zer esan, perretxikoak bezala zabaldu diren mp3 irakurgailuei buruz. Entzungailuekin erabili ohi dira normalean eta bolumen altuegia jarriz. Kalean dagoen soinu kutsadura dela-eta, bolumena etengabe igotzen dugu musika entzun ahal izateko, baina batuketa horrek kalte izugarria egin dezake.
Mp3 irakurgailuen kasuan, soinu kalitate eskasekoak izan ohi dira eta frekuentzia agudoak dira nagusi. Bolumen altuetan ere oso distortsio baxua dute, eta, beraz, bolumena neurrigabe igotzeko joera dago. Gorputzak babes neurriak hartzen ditu, eta denborarekin frekuentzia batzuk entzuteko gaitasuna galdu egiten da. Egoera larria bada (urteetako esposizioaren ondorioz, adibidez), entzumena galtzeko arriskua dugu. Entzumenaren galerak bi eratakoak izan ohi dira; bata, barruko belarriari dagokio eta bertan dauden nerbio zelulak kaltetzean gertatzen da (neurosentsorial). Frekuentzia agudoak galtzen hasten gara, eta behin barruko belarria kaltetuta, ez du konponbiderik. Bigarrena kanpoko edo erdiko belarriari dagokio. Belarria zarratu egiten da (zerbaitek soinua igarotzea oztopatzen du) eta soinua uhinen bidez doanez ez da barrura iristen, ondorioz, ez dugu entzuten (konduktiboa). Azken honek izan dezake konponbidea. Lantegietan belarriak zaintzeko neurriak hartzen hasiak dira eta langileak jakitun dira neurri horiek hartzearen garrantziaz (nahiz eta horrek, beste behin, nagusiekin borrokatzera behartu).
Aisialdiarekin zerikusia duten inguruetan, berriz, ez da belarriak zaintzeko inolako neurririk hartzen, normalean. Bolumen handiak eskatzen dituzten egoeretan, musikariok belarriak zaintzen ikasi behar dugu (baita entzuleok ere). Tapoiak adibidez irtenbide txukuna izan daitezke. Gehienak ezerosoak dira eta bolumena jaisteaz gain soinuaren pertzepzioa aldatzen dute. Gaur egun, zorionez, asko aurreratu da gai honetan eta bakoitzaren belarriaren neurrira egindakoak lor daitezke (askoz ere erosoagoak). Horretaz gain, bolumena jaitsi arren, soinu kalitatea berdin mantentzen omen dute (bolumena 25db jaits dezakete frekuentzi guztietan adibidez. Soinuaren pertzepzioa tapoiak ez dituenaren berdina da, baina bolumen baxuagoan). Zaindu entzumena.