Buruz Buruko Munduko Pala Txapelketa
Fustok eta Gaubekak jokatuko dute bihar aurrelarien finala
Argentinarrak bigarren zatian utzi zuen erabakita Imanolen aurkako finalerdia. Armintzakoak, berriz, ez zuen arazorik izan Ziskar II.a mendean hartzeko.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Pablo Fusto argentinarrak eta Esteban Gaubeka armintzarrak jokatuko dute bihar arratsaldean (17.00, ETB-1) Buruz Buruko Munduko Pala Txapelketaren finala. Bi aurrelariek joko ona erakutsiz utzi zituzten kanpoan iazko bi finalistak eta, beraz, aurten serie-buru moduan sartzen zirenak: Imanol, egungo txapelduna, eta Ziskar II.a.
Lehen finalerdian, Imanolek partida erdira arte eutsi zion Fustori (20-22), baina hortik aurrera argentinarrak sakearekin min handia egin zion bizkaitarrari -bost sartu zizkion- eta aurrean bere trebetasuna argi utzi zuen zabala maisutasunez behin eta berriro bilatuz.
Bigarren kanporaketan, ez zen batere parekotasunik izan. Gaubekak hasieratik hartu zuen abantaila (10-16) eta sakez egindako zazpi tantoek aukerarik gabe utzi zuten Ziskar II.a. Mungiakoa ezinean ibili zen partida osoan, bere jokorik egin gabe.